Eskola berriaren lanekin aurten hastea da asmoa
Bada beste proiektu bat, Itsasondon aldaketa handiena ekarriko duena: eskola berriari dagokiona, hain zuzen ere. Duela 11 urte hasitako herri-ekimena ontzat hartuz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskola berria egitea onartu zuen iaz. Horretarako, udalak, eskolako ikasle-irakasle eta gurasoekin batera, aurreproiektu bat prestatu zuen, orain Jaurlaritzak onartu eta bilakatuko duena. Dagoeneko, udalak Jaurlaritzaren esku jarri ditu beharko diren lursailak, eta, orain, Jaurlaritzak deituko du proiektua egiteko lehiaketa.
Udalaren helburuak «eraikin berri bat eta bakarra eraikitzea, pertsona guztientzat irisgarria izatea, eta instalazio berriak gaur egun eskola kokatzen den lursailean kokatzea» dira. Donostiako RM Arkitektura estudioak egindako aurretiazko azterketaren arabera, «2.083.391,31 euroko aurrekontua» izango du.
Ondo bidean, aurten hasiko lirateke lanak, eta 2022-2023an estreinatuko lukete ikasleek eta irakasleek eskola berria.












