2021erako 540.000 euroko aurrekontua onartu du Mutiloako Udalak
Otsailaren 20an herritarrei aurkeztu eta joan den asteazkenean onartu zuten. Proiektu nagusia Errotatxoko obren 3. fasea egitea izango da. Mendi publikoan ere inbertsioak egingo dituzte
Mutiloako Udalak 2021. urterako 540.000 euroko aurrekontua onartu du. Joan den asteazkenean onartu zuten, otsailaren 24an, eta aurretik, otsailaren 20an, herritarrei aurrekontua aurkezteko saioa egin zuten. 2020ko proiektuen balorazioa egin eta 2021erako aurreikusitakoak azaldu zituzten bertan. Errotatxoko obren jarraipena egitea izango da proiektu nagusia aurten.
2020an hasitako 2. faseari dagozkion lanak bukatzea eta 3. faseari ekitea izango da helburua. Azken fase horretako lanak dira 2021eko aurrekontua sartu dituztenak. Eusko Jaurlaritzako Kultura saileko diru laguntza izango dute hori burutzeko. Iñaki Ugalde alkateak azaldu duenez, «errotan bertan, aldameneko sukaldea, goiko solairuko ehungintza tailerra eta kanpokaldeko argiteria eta urbanizazioa» berritu eta txukuntzeko lanak izango dira.
Eraikinaren atzealdean dagoen errotako ura jasotzeko eremua konpontzeko diru laguntza eskatuko dute, eta etorkizunera begira, Errotatxoko obrak amaitzean, eraikinari emango zaion erabilera zehaztuko dute.
Errotatxo etxeko lanez gain, diru laguntzen menpe egongo diren beste proiektu batzuk ere egitea dute helburu: batetik, baserri bideak konpontzeko diru laguntza deialdian izena emango dute; eta bestetik, mendi publikoan ganaduarentzako inbertsio batzuk egingo dituzte: harrapalekua martxan jarri eta hesiak egingo dituzte.
Kulturari tartea
Mutiloa-Ormaiztegi bide berdean oinarrituta, jarduera fisikoa sustatzeari begira partida bat gorde du Mutiloako Udalak, eta meategi inguruan ere «biodibertsitatea bultzatzeko proiektu txiki bat» jarriko dute martxan: «Jendeari meatzeak ikusteko aukera emateko izango da», azaldu du alkateak.
Kulturak ere izango du bere tartea aurten Mutiloan. Iaz festarik ez ekintza kulturalik egiteko aukerarik ez zutenez izan pandemia egoera dela eta, aurten garrantzia emango diote horrelako ekintzak egiteari, «betiere COVID-19aren aurkako neurriek ahalbidetzen badute».