«Ahozkoa joan egiten da, idatzi egin behar da geroko jasoko bada»
Ataungo eguneroko albisteak bildu, eta astean behin 300 bat herritarrei igortzen dizkie Jexux Goikoetxea 'Goiko'-k (Ataun, 1958). 2008an hasi zen, eta langintzarekin segitzen du.
Herriko berriak jaso eta zabaldu. Nolatan hasi zinen?
Udaletxean nengoenean hasi nintzen. 16 urtean izan nintzen zinegotzi. Herriko berriak herritar batzuei bidaltzen hasi nintzen, pixkanaka. Ataungo diasporari bidaltzen hasi nintzen gero. Nik batzuei bidali, eta haiek beste batzuei zabaldu, auskalo zenbat jenderengana iristen den. Orain 300dik gora dira hartzaileak. Herrikoak, eta kanpoan bizi diren beste asko.
2008ko urriaren 31koa da ‘Nondik’ aldizkariko lehen emanaldia.
Lehenago hasi nintzela badakit, baina gorde gabe dauzkat mezu haiek. Aste barruan eskolan lan egiten nuen, eta azken urteetan zapatu eguerdietan egiten dut beti zabalkundea. Astero-astero herrian zer gertatzen den berri ematen diet.
Nola moldatzen zara?
Asteko bilduma egiten dut, eta batez ere gertatuko diren ekitaldiei begira. HITZAko albisteak, udal bandoak eta herrian jarritako kartelak erabiltzen ditut iturri gisa. Bestetik, Ataunikerrek, Jenbilbaratzak, Barandiaran Museoak eta abarrek bidaltzen didate zer edo zer dagoenean.
Hastea gauza bat da, baina hamabi urtean jarraitzea bestea.
Historia honekin segitzen dut. Orain gehiago lantzen dut, gainera, jubilatuta nagoenez denbora gehiago daukadalako. Jendeak gustura hartzen du. Beti egoten da jasotzaileen zerrendan sartzeko eskatzen duenen bat. Hasi ginenean asmoa ez zen beste mundukoa, baina asko zabaldu zenez eta gustua hartu nionez, nik ere segi egin dut. Jendea ere gustura dago.
Zenbat albiste dira astean?
Azkeneko boladan, 8-9 notizia bidali ohi ditut aldiko, normalean. Batzuk betikoak dira: zinema, dauden ekitaldiak, kirolean Jon Ander Albisu eta Iraitz Zubizarretaren pilota kontuak… Pandemiarekin asko murriztuta dago albiste emaria, baina hala ere 8-9 biltzen ditut. Bestela, albiste gehiago izango lirateke.
Posta elektroniko bidez zabaltzen duzu. Noiz?
Ohitura da zapatuero bidaltzea. Jendeak badaki jada zapatu eguerdian herriko notiziak bidaliko dizkiodala, eta zain egoten dira. Orain denbora daukadanez eta idaztea gustatzen zaidanez, testu luzeagoak eta notizia gehiago prestatzen ditut. Astelehenetik hasten naiz aurreratzen zapatuan jarriko ditudanak. Diasporako ataundarrek, adibidez, asko estimatzen dute herriko berri jasotzea.
Nola lantzen dituzu?
Hizkuntza erraza eta ulergarria izaten saiatzen naiz, jendea denetako mailakoa dago eta, asko edadekoak. Hizkuntza nola erabiltzen den garrantzitsua da, funtzio komunikatiboa bete behar baitu: ulertzea. Beti euskaraz dira, noski. Beste maila batean idazten badakit, baina helburua ez da hori. Hiru lerrotan jarrita notiziak, jendeak heltzen dio.
Orain Ataunikerrek ‘Nondik’ aldizkari berezian argitaratu ditu 12 urtetako albisteak. Baina jarraitzeko asmoa baduzu?
Nik honetan segituko dut. Idaztea gustatzen zait. Jende batek ere bidaltzen dizkit, gainera, notiziak. Berriemaileak baditut.
Lan eskerga osatu duzu, eta osatzen jarraitzen duzu. Zer balio dauka, zure iritziz?
Bilduma honetan albiste piloa dago. Honen balioa gerora begira da, batik bat, Ataunen gertatutako guztia hor dagoelako; maila handi batean, behintzat. Inork herriari buruzko lanen bat egin nahi badu, hor dago materiala.
Biltzeak zer garrantzi duen erakutsi duzu, beste behin.
Ahozkoa joan egiten da, idatzi egin behar da. Niri betidanik gustatu izan zait idaztea. Baina zenbat aldiz egoten naizen penatan pentsatzen, lehengo belaunaldiei ez grabatua eta ez idatzia; horren pena badaukat. Gerra kontuak eta, gure aurrekoek kontatzen zituztenak eta. Ez nuen idazten, eta joan dira. Zenbat historia joan den horrela, betiko galduta. Baina idatziz gero eta jasoz gero, hor geratuko da Ataungo historia.
Ataunikerrek ‘Nondik’ aldizkari berezian bildu ditu
Koronabirus aldia hasi zenetik biziki indartu du Atauniker elkarteak herriko informazioa, egunerokotasuna eta historia hurbila jasotzeko eta zabaltzeko ekintza. Jexux Aizpuruak gidatuta, ‘Nondik’ aldizkariaren hainbat zenbaki argitaratu dituzte urtebete honetan.
Lehengo astean argitaratu zuten ‘Nondik’-en 40. zenbakia, 288 orrikoa: ‘Herriko berriak 2008-2020. 500 berri-sorta’. Jexux Goikoetxeak urtetan egindako lanaren bilduma.
«Ekimen interesgarria deritzogu. Badakigu, batez ere kanpo-herrietan bizi diren ataundarrek, atsegin handiz jasotzen dituztela jaioterriko berriak. Bide batez, ataundarron arteko lokailuaren beste kate-maila bat da», dio Ataunikerrek.
Paperean ez, PDF euskarrian soilik atera dute. Nahi duenak Ataunikerri eska biezaio (ataunikertaldea@gmail.com).