Jasangarritasun Batzordea eratzea onartu du udalbatzak, aho batez
Ordiziako Udalbatzako talde guztien artean adostu dute Jasangarritasun Batzorde berriaren arautegia. Martxoaren 8ko adierazpen instituzionala ere onartu dute
Otsaileko ohiko Osoko Bilkura egin zuten Ordiziako udal ordezkariek pasa den ostegunean. Mahai gainean, hainbat gai. Batetik, Jasangarritasun Batzordearen araudiaren onarpena. Horri dagokionez argitu zuten, jasangarritasun energetikoari buruzko legeak behartzen duela udaletxe guztietan batzorde hori sortzea. Plenora iritsi baino lehen, gaiaren inguruko hilabetetako lanketa egin dute, lurraldeko informazio batzordean. Adur Ezenarro alkateak adierazi zuenez, «apustu bat egin da, udaletxe bakoitzak legeak esaten duenaz aparte gehiago ere egin dezake, eta Ordizian, jasangarritasun energetikoa bakarrik aintzat hartu gabe, planteatzen dena da, jasangarritasuna zentzu zabalago batean landuko duen aholku batzordea sortzea». Eta plenora eraman zen, batzorde horren arautegia. Talde guztien artean landu den arautegia da. Udalbatzak aho batez onartu zuen.
Martxoaren 8ko adierazpena
Bestalde, alderdi guztien artean adostutako Martxoaren 8ari buruzko adierazpena eraman zuten plenora. Ainhoa Jimenez Ongizateko zinegotziak azaldu zituen adierazpen xehetasunak. «Batez ere zaintza lanetan oinarritzen dena da, azken batean bizitzen ari garen osasun krisiak gauza asko utzi dituelako agerian, baina batez ere, agerian utzi du zaintza lanen garrantzia, ia beti emakumeek betetzen dutena. Zaintza erdigunean jartzearen ezinbestekotasuna aldarrikatzen dugu».
Udalbatzak hartutako konpromisoak ondorengoak dira: Gizartean zaintza antolatzeko ereduari buruzko eztabaida bultzatzea eta analisia egitea, eta neurriak martxan jartzea; Covidaren krisia arintzeko onartzen diren neurri guztietan genero ikuspegia kontutan izatea; konponbide bideragarriak aztertzea eta ezartzea adingabekoen eta mendekotasuna dutenen zaintzari laguntzeko, tokiko zerbitzuetan, zaintza baldintza duin eta bidezkoetan egin dadin saiatuz eta erraztuz; Ordiziako Udalaren hirugarren berdintasun planean espresuki azpimarratzea, emakumeen ahalduntzea, zaintzaren balioa eta ari dagozkion gizonek duten erantzukidetasuna; Tokiko sare komunitarioei babesa ematea; Eta sortuko den harrera publiko komunitarioko programak sustatzea, iritsi berriak diren pertsonentzat, tokiko eragile sozialen parte-hartzearekin eta kolektibo ahulenei arreta berezia jarriz, genero ikuspegia aplikatuz. Gainera, bilkuragatik udal ordezkariek jasotzen duten dieta, Kimetz elkarteari bideratzea ere adostu zuten. Aho batez onartu zuten puntua.
Mila Sukia Elkarrekin Podemoseko ordezkariak, adostutako adierazpen instituzionalaren inguruan Koordinadora Feministak egin duen hausnarketa eraman zuen. «Emakumeen kolektiboa ez gaude egoera honetan kasualidadez, egia da testua ez dela honetan gehiegi sartzen, estruktura sozial heteropatriarkalaren ordenari erantzuten dio, hau da, beharrezkoa dela emakumeak horrelako lanetan aritzea estruktura kapitalista mantenduko duten langileak mundu produktibo maskulinizatuan aritu ahal izateko, beraz, egoera hau ez da zorte kontua, estrategia kontua baizik». Azpimarratu zuen baita ere, «indarkeria estruktural sinboliko eta sistemiko horretan, jaiotzerakoan sexu biologikoaren baitan estereotipo eta rol jakin batzuk atxikitzea indarkeria matxistarekin duen lotura ulertzen ez den bitartean, azaleko borroka batean arituko garela, estruktura ukitu gabe, behin eta berriz errepikatuko delarik».