Zumadiko aparkalekuko akordioa beste bost urtetarako berritu dute, gutxienez
Aurten amaitzen zen duela hamar urteko akordioa. Udalak eta garraiolariek bost urtetarako berritu dute hitzarmena, beste bost urte gehitzeko aukerarekin. Beharrezkoa dela aipatu dute
Beasaingo Udalak eta Usupartrabe Beasaingo garraiolarien aparkalekuaren erabiltzaileen elkarteak Zumadiko poligonoan dagoen kamioientzako eremuaren erabilerarako epea luzatu dute. Bi aldeek «beharrezko azpiegitura» dela nabarmendu dute. Hitzarmenak bost urteko iraupena du eta beste bost urte gehitzeko aukera jasotzen du.
Usurpartraberen kontura izango dira eremuaren garbiketa eta mantentze gastuak, ohikoak nahiz apartekoak. Alta, aparkalekua Beasaingo Udalaren zergadun direnek bakarrik erabili ahal izango dute, nahiz eta udalak hornidura hori unean uneko eta ezohiko beharrak asetzeko erabil dezake. Hala ere, hori egitea erabakitzen duen bakoitzean, kamioilariei jakinarazi beharko die, behar besteko aurrerapenaz.
Eremua hesituta dago, kamioien sartu-irtena kontrolatzeko. Garraiolarien eskaeretako bat zen, iraganean lapurretak pairatzen zituztelako. Aurretik egokitu gabeko guneetan utzi behar izaten zituzten ibilgailuak, kiroldegi inguruan edo Bernedoko aparkalekuan. Zumadiko aparkalekua 2010ean zabaldu zuten, garraiolarien eskaerei erantzunez, Beasaingo Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren elkarlanari esker. Lanek 400.000 euroko kostua izan zuten eta %30a udalak bere gain hartu zuen. Beste %70a gainerako erakunde publikoek jarri zuten.
Lekurik aproposena
Aparkalekua gune estrategikoan dago, N1 errepidearen alboan. Gainera, norabidez aldatzeko eremua bertan dute. Gureakeko gasolindegia ere alboan dute, hornikuntza lanak egiteko.