Autokarabanak eta karabanak aparkatzeko izen emate epea ireki dute
Ezkio-Itsasoko Udalak autokarabanak eta karabanak Santa Luzia zubi azpiko eremuan aparkatzeko izen emate epea ireki du. Interesatuek apirilaren 16ra arte izango dute izena emateko aukera, Ezkio-Itsasoko udaletxeko idazkaritzan. Herriko aparkalekuetan ibilgailu horiek sortzen zituzten arazoak zirela eta, egoera zein den ikusteko eta horri irtenbide bat emateko, aparkaleku bat finkatu dute karabana zein autokarabanentzako.
Martxoaren 11n gai horren inguruan aritzeko bilera deialdia egin zuen udalak. Bilera hartako ekarpenak jaso ondoren, martxoaren 18an Udal Osoko Bilkurak egindako bileran Santa Luziako zubi azpiko aparkalekuaren erabilera arautzeko ordenantza hasierako izaera onartu zuten. Izena ematearen bitartez, benetan karabanak eta autokarabanak aparkatzeko zenbat interesatu dauden jakitea da udalaren helburua.
Proiektuan parte hartzeko baldintza batzuk zehaztu dituzte: eskaera egin aurretik Ezkio-Itsason gutxienez urtebetez erroldatuta egotea, herrian bertan bizitzea eta ibilgailu horien zerga Ezkio-Itsason ordaintzea eskatuko dute. Interesatuen artean, plazen banaketa zozketa bidez egingo dute, eta kontratuak urtebeteko iraupena izango du. Urteko eta ibilgailu bakoitzeko, 50 euro ordainduko dituzte erabiltzaileek.













