Azken minutuan ihes egin dio partidak Ampori
Garesti dago Valladoliden irabaztea, eta hala berretsi da asteburuan. Ampo Ordiziak, Silverstorm El Salvadorren aurka jokatu zuen Pepe Rojo zelaian eta gutxigatik, baina 20-18 izan zen emaitza. Iñigo Marotiasen hitzetan, ordiziarren lehen zatia «ahazteko moduko» izan zen. «Ez dugu erabaki onik hartu» eta joko aldetik «trakets ibili gara». Partida hasi eta bosgarren minutuan lortu zuen El Salvarrek lehen entsegua egitea. Defentsa lanean ibiltzea tokatu zitzaion Ampori. Gainera, 30. minututik aurrera, guztiz aldapa gora jarri zitzaien partida. Jokaldi batean jokalari bat lurrera erori eta horren ondorioz sortu zen liskarragatik, Eneko Salinasi txartel gorria erakutsi zion arbitroak, beraz, hurrengo 50 minutuak jokalari bat gutxiagorekin jokatu behar izan zuten ordiziarrek. Christian Rustek, Ampoko jokalari ohiak, borobildu zuen lehen zatia, zigor kolpe batekin. 10-0 joan ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian, egoerari buelta ematea lortu zuen Ampok, eta erasoan ere indartsu jardun zuten, markagailuan aurretik jartzea ere lortu zutelarik (17-18).
Partida amaitzeko 10 minuturen faltan, Rusten jokaldi bati esker, El Salvador aurretik jartzea lortu zuen (20-18). Azkeneko minutuak, oso estuak izan ziren. Azkeneko jokaldian, ordiziarren aldeko zigor kolpea adierazi zuen arbitroak. Partida jada amaituta zegoen, eta sartuz gero, garaipena lor zezaketen, baina Valentin Cruzek baloia jaurti eta zutoinean jo eta kanpora joan zen baloia. Azkenean, beraz, saririk gabe itzuli ziren Iñigo Marotiasen mutilak.













