Ekintza-plan zehatzik ez Zaldibiak bizi duen egoeraren aurrean
Zaldibiako Udalak pasa den asteartean Osasun Sailari idatzitako gutunaren erantzuna «etsigarria» izan dela adierazi dute herritarrek
Zaldibiako Udalak azken bi asteotan bizitzen ari diren egoerari aurre egiteko ekintza-plana eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuari pasa den asteartean. Osasun Sailari idatzitako gutunean, herriko egoerari buruzko kezka adierazteaz gain, eskaera zuzenak egin zizkion Udalak Gotzone Sagardui Osasun Sailburuari, baina zaldibitarrak ez dira konforme geratu gaur idatziz jaso duten erantzunarekin.
Udalak argi utzi du «Osasun Sailaren aldetik eta egoeraren larritasuna begi-bistan izanda» nabarmena izan dela «eskura dauden tresna guztiak ez direla jarri, ezta garaiz ibili ere». Honengatik guztiagatik, adierazi dute «udaletik bat egin dutela egunotan herritarrek duten haserrearekin».
Udalak «etsigarritzat» baloratu du erantzuna, haiek egindako eskaera eta galdera zehatz «bakar bati ere» ez zaiolako erantzuten. Baheketaren inguruan, Osasun Sailburuak adierazi du ez dutela prozedura hau aurrera eramango «irizpide epidemiologikoengatik». Ondoren, herritar guztiok Covid-19aren aurkako tresnak eskura dituztela aipatu du Sagarduik, tresna hauek zein diren zerrendatuz.
Osasun Sailburuaren erantzuna zein izan den ikusita, Zaldibiako Udalak hainbat pauta eman nahi izan dizkie herritarrei:
Momentuko egoeraren berri ematea: Zaldibiako herritarrek bizi duten olatuan lehen kaltetuak izan zirenak pixkanaka ateratzen hasi diren honetan, orain arreta haien etxeko eta ingurukoengan jarrita dagoela azaldu diete, baina baita kasu erabat berrietan ere. Ospitaleratuei dagokionez «zorionez guztiak etxean daudela» aipatu dute, azkenak atzo etxeratu zirela adieraziz.
Datozen egunetarako erronka: helburua kutsatze katea moztea dela azpimarratu dute, aldaera britainiar omen delako birusaren kutsakortasuna handiagoa dela adieraziz. Kutsatu den norbaitekin harremanen bat izan edo sintoma txikiren bat sumatuz gero Osakidetzarekin harremanetan jartzeko eskatu diete herritarrei, proba egiteak duen garrantzia azpimarratuz. Horretarako, Ordiziako Osasun Zentrora (943 00 76 35) edota 24 orduko arreta eskaintzen duen telefonora (900 20 30 50) deitzeko eskatu du Udalak.
Positibo eman dutenei Osakidetzako arakatzaileekin kolaboratzeko ere eskatu diete, kateak mozteko ezinbestekoa dela gogoraraziz. Osasun Sailak eskura jarri dizkieten tresna bakarretakoak izan baitira kutsatuaren inguruko baheketa txiki hauek.
Egun hauetan harremanak ongi neurtzeko eskatu du Udalak, aurreragorako utzi daitezkeenak saihestuz eta elkartzekotan aire zabala lehenetsiz eta prebentzio neurriak zorroztuz: eskuen garbitasuna, distantzia, maskara, aireztapena.
Bukatzeko, Zaldibiako Udalak herritarron eskura dagoela adierazi du, behar den kasuetan hondakinak etxez etxe jaso eta beharrezkoak diren janari eta oinarrizko produktuak etxeko ateraino eramateko zerbitzuak martxan dituztela gogoraraziz. Zaldibiko herritarren batek positibo eman ezkero 943 88 03 57 telefonora deitzeko eskatu dute.

Osasun Sailburuak zaldibitarrei emandako erantzuna. // Zaldibiako Udala













