Universidad de Burgos Bajo Cero taldearen aurka jokatuko du Ampo Ordiziak asteburuan
Lehen fasean Gaztelako lurretan partida galdu ostean, denak emanda aterako dira zelaira Ampo Ordiziakoak igande honetan
Ampo Ordiziako jokalariak Altamiran // A.Garmendia Ampo Ordiziakoak Altamirako zelaira itzuliko dira igande honetan 12:00etan, oraingo honetan oko partidarekin, Ohorezko Mailako Ligako bigarren faseko hirugarren jardunaldia delarik.
Gaur egun, Burgosko taldea bosgarren postuan dago taulan, 12 punturekin, Iñigo Marotiasek zuzentzen dituenak, berriz, laugarrenak dira, 15 punturekin. Play-off-eko titulurako hurrengo partidei begira, funtsezkoa izango da laugarren postuari eustea, honek lehen kanporaketan aldeko kantxa faktorea bermatzen baitu. Ordiziarren garaipen batek ziurtatuko luke ia posizio hori, nahiz eta bigarren fasea amaitzeko bi partida falta.
Lehen fasean Gaztelako lurretan jokatu zen partidan, Burgosko taldeak 27-24 estu batengatik irabazi zuen. Topaketan, Goierrikoek garaipena izan zuten esku artean azken unera arte, eta horregatik igande honetan Marotiasen jokalariak «denak emanda aterako dira sentsazio txar hori kentzeko asmoz».
Igandeko partidarako, Ordiziako misterrak Julen Goia kapitaina berreskuratuko du, eta Eneko Salinas ezin izango da zelaira atera Valladolideko lurretan El Salvador Silverstorm taldearen aurka izandako kanporaketaren ondorioz.
Gainerako partidei dagokienez, Kanpazar Arrasate Ordizia Euskal Ligako taldeak larunbatean Bera Bera donostiarra jasoko du Altamirako zelaian, Ordizian.
Arropa berria salgai
Ordizia Rugbykoek jakinarazi dute igandean goizeko 11etatik aurrera, Altamirako autobusaren aparkalekuan, klubak udari begira egindako arropa berria jarriko duela salgai. Entitatearen web orriaren bidez ere eros daiteke: www.ordiziarugby.eus













