Iazko aurrekontuaren exekuzioa %82 ingurukoa izan da
Idiazabalgo Udalak iazko aurrekontuaren balantzea egin du. Martxoaren 30eko osoko bilkuran 2020. urteko aurrekontuaren berri eman zuen. Udalak hedabideetara helarazitako ohar baten bidez azaldu duenaren arabera, aurreko urtean 3.458.713 euroko sarrera izan zituen, eta gastuak, berriz, 3.334.605 eurokoak izan ziren. Aurrekontuaren exekuzioa sarrera eta gastuetan %82 ingurukoa izan zen.
Udalak oharrean adierazi duenez, «exekuzio maila egokia» izan da: «Kontutan hartuta pandemia dela eta hainbat ekintza eta zerbitzu normaltasunean eman ez direlako». Sarreren eta gastuen kopuruaren arteko kantitatea kalkulatuta, beraz, diruzaintzako gerakina 932.000 eurokoa izan da. Aurreko ekitaldian, 2019ko aurrekontuan, 802.000 eurokoa izan zen. Aurrezki garbia, halere, 184.210 eurokoa izan da 2020an. «Egonkortasuna betetzen da, 194.740 euroko finantza ahalmenarekin».
Zorrei dagokienez, Idiazabalgo Udalaren zor bizia 2020ko likidatutako sarrera arrunten %10,78koa da. Udalak adierazi du «oso baxua» dela eta gaur egun arlo ekonomikoari dagokion egoera positiboa dela: «Datu horiek ikusita, Idiazabalgo Udalaren egoera ekonomiko finantziarioa oso ona dela esan daiteke».













