Denboraldiko hirugarren kopa altxatu du Irene Paredesek asteburuan
Bartzelonako taldeak Erreginaren Kopa irabazi du. Aurretik, Espainiako Superkopa eta Liga zituen irabazita. Hurrengo erronka Europako Champions-a da.
Legazpiko Irene Paredesek denboraldiko hirugarren garaipen handia ospatu du asteburuan Barçarekin, Atletico Madrili 3-1 irabazi ondoren, Espainiako Erreginaren Kopa lortuta. Legazpiarrak familiarekin partekatu zuen garaipena eta ospakizuna.
Bartzelonako taldeak Espainiako Superkopa irabazi zuen urtarrilean, eta joan den astean Ligako txapeldun titulua eskuratu zuen zazpigarren urtez jarrian. Orain, Erreginaren Kopa irabazita, Espainiako hiru titulu nagusien jabe bihurtu da.
Hiru handi horiek lortuta, Europakoa dute orain jomugan. Larunbat honetan, maiatzak 22, Champions League txapelketako finala jokatuko da Olympique de Lyon taldearen aurka. Ondo bidean, Irene Paredes bertan izango da.














