«Bidasoa taldearen hazkundean laguntzea oso polita izan da»
Iker Serranok (Urretxu, 1984) bere bihotzeko Bidasoa utziko du denboraldi amaieran eta Benidormera joango da. Hurrengo denboraldia azkena izango du, seguru aski.
Zergatik erabaki duzu Bidasoa taldea uztea?
Jarraitzea eskaini zidaten, baina oso nekatuta nago. Pandemia dela eta, oso urte zaila izaten ari da. Kapitaina naiz eta gestio asko egin behar izan ditut. Zuzendaritzako kideei beste urtebete jarraitu nahi nuela, baina Irunen jarraitzea ez zela ideia ona esan nien. Izan ere, Bidasoarekin ondo bukatu nahi dut. Exijentzia geroz eta handiagoa da eta kapitainak zuzendaritzarekin eta entrenatzailearekin tirabira txikiak izaten ditu. Taldekideek zuzendaritzari hau edo bestea eskatzeko esaten dizute, zuzendaritzakoek ezetz erantzuten dizute, taldekideei ezezkoaren berri eman behar diezu…
Irunen ondo bukatu nahi duzu.
Zuzendaritzakoak nire lagunak dira, beraietako batzuekin jokatu baitut; Jacobo Cuetara entrenatzailearekin bost urte daramatzat eta oso gustuko dut berarekin lan egitea; taldekideekin oso harreman ona dut… Baina indarra galtzen ari naiz eta ez dut gaizki bukatu nahi. Zuzendaritzakoek erabakia nire esku utzi dute eta taldea uztea erabaki dut. Erabakia garaiz hartu dut eta hurrengo denboraldia behar bezala prestatzeko aukera dute. Gainera, denboraldia bigarren postuan amaitzen badugu, nire lana bete dudala uste dut.
Erretiroa Irunen hartzea oso polita izango litzateke. Zergatik erabaki duzu beste urtebete jarraitzea?
Nire asmoa eskubaloia uztea zen, baina egungo egoeran lan merkatua oso gaizki dago eta, gainera, nire ibilbideko azken partidak zaleekin jokatu nahi ditut. Eskubaloia uzten dudanean aitaren enpresan lan egin nahi dut, baina egungo egoeran beste langile bat joan egin beharko litzateke niri tokia egiteko. Eta hori ez zait ondo iruditzen. Hori dela eta, beste urtebete jarraitzea erabaki dut. Azkena izatea espero dut. Benidormen bi urteko kontratua eskaini didate, baina bakarra hartu dut. Lehenbailehen etxera itzuli nahi dut eta bizitza berri bat hasi.
Zergatik erabaki duzu Benidorm taldearekin fitxatzea?
Proiektu polita dute, oso fitxaketa onak egiten ari dira eta entrenatzailea oso ondo ezagutzen dut, elkarrekin jokatu baikenuen. Gainera, Benidorm oso toki ona da bizitzeko eta Almeriatik gertu dago. Garai batean Almerian jokatu nuen eta urtero hilabete ematen dut bertan. Benidormekoa suertatu ez balitz, Italiara joateko asmoa nuen.
Zergatik Italiara?
Oso herrialde erakargarria iruditzen zait. Bizitzeko oso toki ona da eta liga ez da hemengoa bezain gogorra. Baina itxaroteko esan zidaten, talde bakoitzean bi atzerritarrentzako tokia bakarrik dute… eta bitartean Benidormeko eskaintza suertatu da.
Gaztetan ez zenuen Bidasoaren lehen taldean tokia lortu, baina egun taldeko kapitaina zara.
Bidasoaren harrobiko jokalaria naiz, baina sei partida bakarrik jokatu nituen lehen taldean. Etxetik kanpo urte asko eman ondoren, Bidasoara itzuli nintzen. Nire taldea da. Niretzat oso garrantzitsua da Bidasoatik ondo ateratzea: taldeko bazkidea naiz eta etorkizunean Bidasoaren partidak ikustera joan nahi dut.
Nolakoak izan dira Bidasoan eman dituzun bost denboraldiak?
Kirol mailan beste talde batzuetan pisu handiagoa izan dut, baina esperientzia izugarria izan da. Lehen Mailara igo berritan heldu nintzen eta lehen denboraldiak zailak izan ziren. Baina bat batean bigarren postuan sailkatu ginen eta Champions League-a jokatu genuen. Taldearen hazkundean laguntzea oso polita izan da. Gainera, Euskal Herriko jokalari askoren hazkundearen lekuko izan naiz. Kapitain bezala, gainera.
Nola ikusten duzu Bidasoaren etorkizuna?
Ondo. Oso ondo lan egiten dute.
Zer esan dizu Irungo jendeak?
Irunen kuadrilla dut, urtero festetara joaten naiz, bertako Mosku auzoan bizi naiz… Irundarrek Bidasoako kapitainari begirune handia diote eta oso mezu politak helarazi dizkidate.
Irundarrentzat mezurik ba al duzu?
Eskerrak eman nahi dizkiet. Irundarra ere sentitzen naiz eta azken urteotakoa oso bidaia polita izan da. Guztion artean, poliki-poliki, Bidasoa dagokion tokira eraman dugu. Sei partida falta dira denboraldia bukatzeko eta taldea bigarren postuan uztea espero dut. Ezin dut gehiago eskatu.