'Erradikalak ginen' antzerki saio bikoitza Udaberri Kulturalean
Gabiriako Udaberri Kulturalaren barruan, hainbat ekitaldi izango dituzte datozen egunetan. Antzerkiaz gain, argazki erakusketa eta sormen lehiaketa ere izango dira.
Gabiriako Udaberri Kulturala egitaraua martxoaren 27an hasi baldin bazen ere, Osinalde bertso sariketarekin, asteburu honetan sartuko da txanpa mardulenean. Ane Labakak eta Bea Egizabalek Erradikalak ginen antzezlana egingo dute, igandean, elizako saloian. Iazko programaziotik erori zen, konfinamenduagatik. Edukiera mugagatik 30 ikusle sartzen dira murriztuta, bi emanaldi egingo dituzte: 17:00etan eta 18:45ean. Lehenengorako sarrerak agortuta daude, eta bigarrenerako hamar-bat geratzen dira. Udaletxean erosi behar dira (943 88 07 34, udala@gabiria.eus). 5 euro da.
Astelehenean, berriz, Goierriko Lemniskata zientzia elkartearen erakusketa bat zabalduko dute, kultur etxean. Eskualdeko intsektuei buruzko argazkiak eta informazioa egongo da ikusgai, maiatzaren 2ra arte. Iñaki Mezkita egileak gaiari buruzko hitzaldia egingo du, bestetik, apirilaren 30ean, 18:00etan.
Sormen lehiaketa
Maiatzean jarraituko du Udaberri Kulturaleko eskaintzak. Irakurle Txokoak antolatuta, Antxiñe Mendizabal idazle zumarragarrarekin solasaldia izango da maiatzaren 8an, 18:00etan, kultur etxean. Odolekoak eleberriari buruz jardungo dira.
Umeentzat jolasak (maiatzak 16), Aritz Ganboa artzainarekin eta Xabier Unanue zuzendariarekin Bideak dokumentalaren emanaldia eta solasaldia (22), Kalean otso, etxean uso ikuskizuna umeentzat (28) eta Manicom place antzerki emanaldia (29) dira besteak. Herritar bat aktore da azken horretan.
Zeasma kultura-sormen lehiaketa ere deitu dute, iazko eran, maiatzeko lehen erdirako. Bihar, bestetik, sare sozialei buruz 2. tailerra egingo da, kultur etxean (17:00), herriko gazteentzat.