Iztuetaren doinuekin, jolasean
Arineketan proiektuaren emanaldia izango da igandean, Igartza Musika Programaren barruan. Iztuetaren doinuak gaurkotu dituzte, jazz, pop eta latino ikutuekin
Jagoba Astiazaran txistulariak eta Iñar Sastre piano jotzaileak Arineketan proiektua aurkeztuko dute igandean, Usurbe Antzokian, 19:00etan. Entzuleak «espero ez duen» ikuskizuna dela aipatu du Astiazaranek. «Menuak oso tradizionala dirudi: txistua, euskal dantzak eta instrumentu klasikoak. Oinarria hori da, baina ikuskizuna guztiz ezberdina da». Sarrerak Usurbe Antzokiko leihatilan eta kutxako web orrian daude salgai.
Iztuetaren doinuak jazz, pop eta latino estiloekin joko dituzte. «Ez genuen lan historizista bat egin nahi, doinuak hark jaso bezala eman nahi. Gaur egungo ukitu bat eman diegu». «Jolasean» ibili dira, funtsean. «Iztuetaren doinuak hartu eta material horrekin dibertsioan ibili gara. Eta ikuskizunean ikusiko da hori».
Zuzeneko emanaldiek mesede egiten die, askeagoak direlako: «Proiektu hau disko batekin hasi zen. Baina diskoa grabatuta dago eta beti izango da horrelakoa. Zuzenekoek, aldiz, jolaserako aukera handiagoa ematen digute». Beasaingo Udalari eta Igartza Musika Programaren antolatzaileei eskerrak eman dizkie Astiazaranek kontzertua eskaintzeko aukera emateagatik.
Bikoteak Ainara Ortega abeslaria, Xabi Zeberio biolin-jotzailea, Agate Amilibia txelista eta Ahatik dantza konpainiako kideak alboan izango dituzte oholtza gainean.
Jolasa entzuleenganaino iristea nahi du Astiazaranek. «Entzuleak ezinbestekoak dira», baieztatu du. «Proiektu hau dantzarako sortu zen. Zoritxarrez, entzuleek ezin dute dantza egin. Baina oinak, behintzat, jarlekuetan mugitzen dira, etengabean. Abestu ere gogotik egiten dute», aurreratu du.