Ekitaldi ugari Liburuaren Nazioarteko Egunaren bueltan
Liburuaren Nazioarteko Eguna da eta ospakizun horren bueltan hainbat ekitaldi egingo dira Goierrin. Ipuin kontaketak eta solasaldiak izango dira gehienbat
Liburuaren Nazioarteko Eguna da gaur, apirilak 23, eta horren aitzakian, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Goierrin. Solasaldiak eta ipuin kontaketa saioak izango dira batez ere, eta Beasainen, idazlan lehiaketaren sari ematea egiteko aprobetxatuko dute larunbatean.
Aurtengo liburuaren egunean, txikienentzat zuzendutako ipuin kontaketak izango dira nagusi. Betzaida Urtaza legorretarrak Itsasondoko Urkipe eskolan eta Lazkaoko liburutegian egingo ditu saioak. Urtazak, Amesgile editoriala sortu zuen 2020. urtean eta dagoeneko haurrentzat zuzendutako bi ipuin argitaratu ditu. Urtazak berak idatzi dituen ipuinak kontatuko ditu bai Lazkaoko, bai Itsasondoko saioetan.
Bestalde, Urretxun ere izango da ipuin kontaketa saioa, Lur Kortarekin. Liburutegian izango da eta bi saio egingo ditu.
Ataunen ere, ipuin kontaketa saioa egingo du, gaur arratsaldean, Kontalari2-k, Aho bete jolas izenburupean. Kalostran izango da, 17:30etik aurrera. Izena eman dutenek baino ezingo dute parte hartu ekitaldian.
Haurrekin jolasean
Ormaiztegin ere, oso kontutan izan dituzte gaztetxoak, Liburuaren Nazioarteko Egunaren egitarauaren baitan. Irakurle txikiak martxan jarduera egingo dute gaur, haurrekin jolasean, irakurtzen eta entzuten. Gizarte Etxearen kanpoaldean lau espazio bereiziko dituzte (euria eginez gero Urbeltz frontoi txikian): Irakurketa txokoa. Irakurtzeko zure arrazoiak; Nire liburu gogokoaren bila; eskulanak; eta ipuin kontalaria. 16:30etik 18:30era izango da hori.
Ormaiztegin baina, izango dira ekintza gehiago gaurkoaren bueltan. San Andres Herri Eskola eta Udal liburutegiak elkarlanean, eskolako haurrak herriko liburutegira hurbiltzeko helburuz, bisita gidatuak antolatu dituzte. Aste honetan pare bat egunez joan dira, eta datorren astean, apirilaren 27an eta 28an ere egingo dute Liburutegira bisita.
Eta Ormaiztegiko egitarauarekin amaitzeko, bi liburu aurkezpen. Batetik, Maldito gorri eleberriaren sortzaileetako bat, Agustin Galabide bertan dela liburu aurkezpena egingo dute, gaur arratsaldeko 18:30ean, Gizarte Etxeko areto nagusian.
Bestetik, apirilaren 30ean, Ane eleberriaren idazlea den Alaine Agirrerekin, liburuaren aurkezpena egingo dute, 18:30ean Gizarte Etxeko areto nagusian.
Ormaiztegin antolatu dituzten jarduera guztietan parte-hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. Horretarako bide desberdinak daude: kultura@ormaiztegi.eus epostara idatzita edo 688 657 455 telefonora whatsapp bidez idatzita.
Liburuak hizpide
Legazpin, urtero antolatu ohi dituzte apirilaren 23aren harira hainbat ekitaldi eta aurtengoan ere, egitarau oparoa dakarte. Apirilaren 26an, astelehena, Xabier Olaso idazlearekin solasaldia antolatu dute, Shan eta Shen edo bidean ikasia liburuaren inguruan, DBHko ikasleekin, Kultur Etxeko Areto Nagusian. Hurrengo egunean, apirilaren 27an, Garbiñe Ubeda idazlearen bisita izango dute, eta harekin solasaldia egingo dute Mehatxua liburuaren inguruan, batxilergoko ikasleekin, Kultur Etxeko Areto Nagusian.
Asteazkenean, hilak 28, gaztelerazko irakurketa klubaren bilera egingo dute. Belen Rubianoren Rialto, 11 liburua izango dute hizpide. 18:30ean Kultur Etxeko areto nagusian elkartuko dira solaskideak.
Euskarazko irakurketa klubak ere egingo du solasaldia, baina ostegunean, hilak 29. Kasu honetan, Antxiñe Mendizabal idazlearekin egongo dira, bere azken lana aztertzeko, Odolekoak izenburua duena. Miriam Lukik gidatuko du saioa. 18:30ean elkartuko dira Kultur Etxeko Areto nagusian.
Idazlehiaketa
Bukatzeko, Beasainen, Idazlehiaketaren sari emate ekitaldia egingo dute bihar. Ekitaldi hau, 1989. urtean sortu zenetik gaurdaino, urtez urte hazten joan da. Hala, Beasaingo eta Goierriko ikasleen artean gaur egun duen lekua hartu du.