Anker eta Elbereth taldeek girotu dituzte Santikutzeko ez-festak
Heavy doinuak nagusitu dira Haztegi ikastolako patioan Anker eta Elbereth taldeen kontzertuekin
Legazpiko bi belaunaldi aritu dira gaurkoan maiatzean ospatzen diren Santikutzeko ez-festei musika jartzen. Festak ospatzea ezinezkoa izan den arren, jendeak zuzeneko emanaldien beharra du dagoeneko, eta horren adierazgarri izan da gaurko ekitaldia. Heavy doinuak nagusitu diren honetan, jendez bete dute Haztegi ikastolako patioa Legazpiko bi taldeek.
Alde batetik, Anker taldeak estreinakoz jo du gaur jendaurrean. Lau kidez osatuta dago talde legazpiarra: Eneko Altzelai gitarrista, Jon Unzurrunzaga bateria-jotzailea, Urko Ventureira baxu-jotzailea eta Joanes Legarda-Ereño, gitarran hau ere. Azken hirurak dira taldeko abestiei ahotsa jartzen dietenak.
Bestetik, Elbereth talde beteranoa aritu da ingurunea girotzen. Taldeak 20 urte bete ditu aurten, eta gaurko kontzertua ospakizun handia izan da haientzat. Elbereth bost kidez osatutako taldea da: Etxebe baterian, Iker Manso eta Rufo gitarra zein ahotsean, Legor baxuan eta Julen, gaurkoan taldearekin estreinakoz aritu dena, gitarran.
Ekitaldiaren sarreran, Legazpiko Insanos taldeak atera berri duen diskoa ere salgai egon da.