Ordizia, sagastitik sagardotegira
Sagardoak Ordizian izan duen garrantzia eta historia ezagutzeko bisita gidatua egin dute gaur goizean

Gaurkoan Ordiziako garai bateko sagardotegien historia eta tradizioa ezagutzeko bisita gidatua egin dute Ordiziako D’elikatuz interpretazio zentrotik abiatuta. Sagardoak betidanik izan du garrantzia etxeko edari bezala, eta aurrerago taberna esta ostatuetan saltzen ere hasi ziren.
Bisitari sarrera egin ondoren, argazki zaharrak erabiliz, herrian zehar ibili dira bisitariak XX. mendeko lehen hamarkadetan Ordizian zeuden sagardotegiak ezagutuz; bere jabeak, bere ezaugarriak, anekdotak…
Herritik itzulia eman ondoren, Oiangu parkera igo dira bertan Udalak duen sagastia ikusi ahal izateko. Sagarrondoek dituzten ezaugarriak, sagarren barietateak eta polinizazio prozesua ezagutu dituzte besteak beste.
Bisita, gaur egun Ordiziak mantentzen duen sagardotegian bukatu dute, Tximista sagardotegian. Bertako familiak sagardotegiaren historia eta bilakaera azaldu dituzte, beraiek sagardoa egiteko erabiltzen duten prozesuaren azalpenarekin batera.