"Lurretikan" erakusketa egin dute Oiangun
Emakumea eta natura uztartzen dituen erakusketa egin dute gaur Oiangun, Amaia Iturrioz eta Maite Arbonies goierritarrek sortutakoa
Arteria Plataformako lehen saria irabazi zuten pasa den otsailean Amaia Iturrioz bertsolari urretxuarrak eta Maite Arbonies ilustratzaile zumarragatarrak emakumea eta natura uztartzen dituen proiektuarekin. Gaurkoan, Oiangu parkera eraman dute Lurretikan izeneko erakusketa, bisitariei esperientzia sentsorial eta poetiko bat aurkezteko asmoz. Guztira 20 pertsona inguru gerturatu dira gaur eguerdian Oiangu parkera 13:00etan egin duten saiora, baina 11:00etan eta 18:00etan ere antolatu dituzte bisitak.
Arboniesek bizitzan aurkitutako emakumeen aurpegiak marraztu zituen arkatzez lehenbizi eta, gero, akuarelarekin, naturako elementuak gehitu zizkien. Emakumea eta natura «biolentzia handia jasaten duten bi elementu» izanik, bi hauek uztartu eta erakusketa egitea erabaki zuten bi goierritarrek. Behin marrazkiak egindakoan, Iturriotzek poesia txiki bat idatzi zuen irudi bakoitzarentzat, eta horrela sortu zen Lurretikan erakusketa.