Martinez jatetxeko sukaldariek prestatuko dute azokako pintxoa
Hilabete da, Ordiziako azoka pintxoak egitasmoa aurkeztu zutela, eta aurrerantzean, hilabeteko azken asteazkenean, pintxo bat prestatuko du ekimenera batu den herriko taberna edo jatetxe bateko sukaldariak, Plaza Nagusian jarriko den sukaldean. Bertatik pasatzen direnek, pintxoa nola egiten duen ikusi ahalko du, baita dastatu ere.
Gaur, Martinez jatetxearen txanda izango da, eta 10:30ean hasiko da Xabier Martinez, bere lankide Samara Etxeberriarekin pintxoa prestatzen. Gainera, pintxoa nola egiten denaren bideoa ere ikusgai izango da azokan bertan kokatuko den pantaila batean. Ordiziako azokako webgunean ere ikusgai egongo da.
Gaur, tosta
Martinez Jatetxeko arduradunak modu oso positiboan baloratu du ekimena. «Azokari eta denboraldiko produktuei bultzada bat emateko ekimen polita da».
Gaur prestatuko duen pintxoa, tosta bat izango da: «Lehenengo ogia labean xigortu behar da, ondoren, piper berdea, tomatea, urdaiazpiko iberikoa, Idiazabal gazta eta onttoak jarriko dizkiogu». Lerro hauetan irakurtzea baino hobea izango da gaur Ordiziako azokan bueltatxo bat eman, eta Plaza Nagusiko sukaldera gerturatzea.