Amaitu da Kutxa Bira egitasmoa
Seguran bukatu du ibilbidea Kutxa Birak Argentinan hasi eta Euskal Herria gurutzatu ondoren. Urruñatik bizikletan eraman dute kutxa Segurara
Bizi gira…Kutxa Bira! bukatu da. Argentinako Viedma-Carmen de Patagones eskualdean ekin zion ametsez betetako kutxak ibilbideari martxoaren 20an, eta Euskal Herria gurutzatu eta Pariseko Reauko kartzelan eta Bartzelonan ibili ondoren, Seguran amaitu du bidea egurrezko kutxak igandean, Urruñatik irtenda. Hainbat herritarrek, erakundek, eragilek eta taldek parte hartu dute Iparra-Hegoa elkarteak euskararen aldeko eta euskal nortasuna biziarazteko antolatutako egitasmoan. Aurreikuspenak gainditu dituzte, 15-20 bat herritan zabaltzea baitzen asmoa, eta azkenean 80 bat herritatik igaro da.
Urruña eta Segura elkartu ditu kutxa Biraren azken bidaiak, Iparra-Hegoaren sorburu izan ziren bi herriak, hain zuzen ere, urduñar eta segurar talde baten harremanetik sortu baitzuten elkartea. Bizikletan eraman zuten Segurara kutxa. Herri sarreran, zanpantzarrek txirrindulariekin bat egin dute eta elkarrekin abiatu dira plazara. Bertan, Iparra-Hegoaren lehen edizioan landatutako gereziondoaren ondoan egin diote lehen ongi etorria, txalaparta joaz eta kutxa bera Segurako ordezkariei emanez, eta pilotaleku ondoko futbito zelaian izan zen ekitaldi nagusia. Kike Amonarrizek aurkeztu du ekitaldia. Dantzaldiaren ondoren, Segurako mezua irakurri dute Jon Iturriotz eta Eneko Araiztegi bertsolariek: «Hitzarekin jolastuz, arnastuz eta amestuz herri harro baten mugarik gabeko lurra, zer da? Euskara da, bizitza da», aldarrikatu dute.
Antzerkia eta musika
Udalbiltzako lehendakaria den Jabi Asurmendik ekimenaren antolatzaileak zoriondu zituen egindako lanagatik: «Gure hizkuntza, aldarrikapenak, ametsak eta herria zatitzen duten administrazioek eragiten duten arrakala handiagoa izan da eta Kutxa Biraren bitartez hori lotzea eta iraunaraztea lortu da».
Amets Arzallus bertsolariak ekimenaren hasieran kutxan sartutako Hitza da gure lurra testua irakurri zuen, eta baita ba-rruan gordetako hainbat mezu ere, bertsoz. Segurako antzerki taldeak, aldiz, Kutxa Biraren inguruan prestatutako antzezlana plazaratu zuen. Giro alaia eta aldarrikatzailea izan zen nagusi. Ekitaldiari amaiera emateko, Segurako Galerna musika taldeak kontzertua eskaini du. Euskal herritarren ametsak zabaldu dituen ekimen oparoa izan da Kutxa Bira.













