Hondakindegia 1.200 metrora
Gizakiaren eraginak ez du mugarik naturan. Aralar gaineko Saltarri leizea garbitu dute, urtetan aise botatako zaborra nekez aterata. Altuerako metroak baino kilo zabor gehiago.
Aralarko Alotzako larreetan, 1.136 metroko garaieran dago Saltarriko leizea, izen bereko zutarri etzanetik gertu. Artzainek, hanka geldian, harri luzexka nork gainditu egiten zuten erronka, inoiz. 2021ean, gizakiak bertan botatako hondakinak biltzea bihurtu da erronka. Hara hor espeziearen aurrerabidea.
Enirio-Aralarko Mankomunitateak igande goizerako zeukan hitzordua jarrita, Saltarriko troska garbitzeko. Sarbide zaila du, lurreko zulotik bertikalean jaitsi behar delako. Horregatik, Felix Ugarte Espeleologia Elkarteko kideak izan dira gidari. Hiru hankako euskarria muntatu, eta sokekin gora jaso dituzte zaborrez betetako obra-zakuak.
Eguzkiak mendiari itsatsitako lainoa saretu baino lehen, Saltarrin ziren Gipuzkoako Mendi Federazioko, Landarlan ingurumen elkarteko, Aizkorri mendi elkarteko, Aralar Bizirik plataformako eta Otsotarrak elkarteko kideak, 23 lagun guztira. Bost orduko lana behar izan zuten barruan zegoen zikinkeria jaso, atera eta sailkatzen. Leizea txikia izan arren, bota diotena harrigarriki zen izugarria: 1.459,6 kilo hondakin.
Axolagabekeriaren lagina
Olana zabal batera atera, eta tokian bertan sailkatu zituzten Aralarren barrunbetik ateratakoak. «Pisuari dagokionez, errefusa izan da kantitate handienean atera dutena. Bolumenean, ordea, plastikoak eta latak. Aipagarria da, baita ere, beira kantitatea», baloratu du Enirio-Aralarko Mankomunitateak.
Talde ekologistek urteak zeramaten Saltarri garbitzeko eskatuz; 2016tik, gutxienez. Hauxe da igandekoaren emaitza: ontziak 405,2 kg (gasolina eta olio bidoiak, garbikariak, zorroak, poltsak, edari latak…), beira 249,9 kg (ardo eta likore botilak), txatarra 153,7 kg (oilo kaiola, itxitura-materiala, eltzeak, karretila…), errefusa 636,4 kg (jostailuak, bizarra egiteko xaflak, bestelakoak), pilak eta bateriak 10,5 kg (bi bateria eta pila ugari), eta albaitaritzako gaiak 3,9 kg. Denera 1.459,6 kilo, 1.200 metrora.