Jon Zubizarretari babesa emateko elkarretaratzea egin dute Larraitzen
Aralarren behi bat tiroz hil diotela salatu du Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkateak eta abeltzainak. Gertatutakoaren aurrean erreakzioak bata bestearen atzetik etorri dira
Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkateari eta ganaduzaleari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin zuten Larraitzen, igandean, Aralarko Baserritar Elkarteak, Enbak eta EHNEk deituta. Zubizarretak berak, joan den ostegunean sare sozialen bidez zabaldu zuen bideoan kontatu zuen, behi bat buruan tiroz jota hil diotela Aralarko larreetan, eta hala, gertakaria salatu zuen publikoki. Maiatzaren 8an kokatzen du gertakaria, eta ganadua lau egun lehenago igo zuela mendira. Gertatutakoa ikertzeko Beasaingo Ertzain etxean salaketa ipini duela. Maiatzaren 30eko data du salaketak.
Zubizarretak, azkeneko hamarkadetan Aralarren «askatasun falta» dutela dio, eta abeltzainen eta artzainen aldeko ekintzek, beste aldeko erreakzioekin erantzunak izan direla, eta hainbat gertaera zerrendatu ditu: «2016 Aralarren pistak egitearen aldeko erabakia batzarrean hartu eta, handik gutxitara Zaldibiako Oiduiko txabola erreta agertu zela; Goroskintxun makinak lanean egon zirenean sabotajeak egin zirela; abeltzainek Aralarren barrena kotxeekin ibiltzeko baimena lortu eta, Erreka Beltzeko langa sasitan botata agertu zela;…eta orain hau!». Bukatzeko «gertatutakoaren atzean zer dagoen» argitzeko, norbaitek mugimendu arraren bat ikusi badu, berarekin harremanetan jartzea eskatu du.
Momentuz, ez dago gertakariaren inguruko argibide gehiago, baina erreakzioak bai, bata bestearen atzetik etorri dira. Zubizarretari babesa emateko eta gertatutakoa «irmoki» gaitzesteko Larraitzen egin zen elkarretaratzea da bat. Bertan irakurri zuten adierazpenean azaldu zuten, «Zubizarreta ez dela abeltzain bat gehiago, beregan elkartzen direlako Aralarko mendiaren aldeko pasioa, abeltzaintza eta abeltzainen aldeko defentsa sutsua eta herriaren aldeko konpromisoa», eta haien iritziz «tiroa jotzeko erabakia hartu zuenak, ondo asko zekiela nora apuntatu». Zubizarretaren aurkako erasoa bakarrik ez, «Aralarko mendietako abeltzainen aurkako eraso bat bezala hartzen» dute.
Ekintza gaitzesteaz gain, dei egin zioten Enirio-Aralar Mankomunitateari «bere jabetzan izandako ekintza penagarria gaitzetsi dezan». Aberearen galeragatik, abeltzainaren konpentsazioa Mankomunitateak bere gain har dezala ere eskatu zuten.
Mankomunitatearen oharra
Mankomunitateko lehendakari Adur Ezenarrok, Zubizarretak salaketa publiko egin zuen egun berean, Larraizko elkarretaratzea baino bi egun lehenago, alegia, kaleratu zuen ohar bat, «halako jokamoldeen ankerkeria» salatzeko. Oharrean irakur daitekeenez, goizean bertan deitu zion Zubizarretari, gertatutakoaren berri zuzenean jakiteko.
«Enirio Aralar Mankomunitatea 15 udalerrik osatzen dute, eta erabakiak Zuzendaritza Batzarrak hartzen ditu, baina lehendakari moduan, adierazten dut Enirio-Aralarko lurretan dabiltzan animaliak erasotzea eta erailtzea onartezina dela. Era berean, lehenbailehen gertatutakoa argitzea eta horren aurrean behar diren neurriak hartzea eskatzen dut».
Abaltzisketako alkateak egindako salaketari erantzunez, Aralar Bizirik elkarteak ere oharra argitaratu zuen ostiralean. Gaia «argitzea eta errudunak aurkitzea» beharrezkoa dela diote, baina «Aralarren egon daitezkeen gatazka posible guztiak pisten kontuarekin» ez nahasteko eskatu diote. «Ez dugu mendian armekin ibiltzen den jendea atsegin, ezta makinak hondatu, txabolei su eman, haginak atera, sastrakei su eman, abeltzaintza edo ikerketarako azpiegiturak suntsitu edo besteen abereak hiltzen dituen inor ere».
Behiaren heriotza «eragindakoa den baieztatu behar» dela azaldu dute. Izan ere, behia hilda aurkitu zenetik tiro bat zuela ohartu eta salaketa jarri arte, 20 egun igaro dira, eta hori «arraroa» dela diote.
Aralar Bizirikek «abeltzainak ezinbesteko direla goi larreak mantentzeko» berretsi du, baina «oreka batean eta posible dela ingurumenean kalte larriak sortu gabe». Hala, « ‘Aralarren alde’ lan egiteko bertako erabiltzaile guztiak» kontutan hartu behar direla uste dute, beti ere «Natur parkearen legedia aintzat» hartuta.
Eguzki eta Landarlan elkarte ekologistek, «harrigarria eta kezkagarria» dela uste dute «tirokaturiko behiaren afera», eta Eguzkirekin bat datoz, «zenbait gertakizun ulertzeko zailak» direla uste baitute. Gertatukoa argitzeko ikerketa zabaltzea eskatu dute, «nahitaezko heriotza izan bada, onartezina» delako, eta ez dute loturarik ikusten alkatearen pisten aldeko jarrerarekin. Bukatzeko, Aralarren elkarbizitzaren aldeko deia egiten dute.













