Azkoitia eta Urretxu artean hirugarren erreia egiteko lanak hasi dira
Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur hasi ditu GI-631 errepidea hobetzeko lanen bigarren fasea. 7,7 milioi euroko aurrekontua eta 15 hilabeteko epea dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur hasi ditu GI-631 (Azkoitia-Urretxu) errepidea hobetzeko lanen bigarren fasea. 7.760.000 euroko aurrekontua du eta 15 hilabeteko iraupena izango du. Errepidearen trazadura hobetu egingo da eta errepidea zabaldu egingo da. Bi udalerrien arteko ibilbidearen erdian, Aizpurutxo auzotik gertu, 1,3 kilometroko tarte batean, errepideak hiru errei izango ditu.
Helburua segurtasuna eta erosotasuna handitzea da. Hiru erreiko tarte horretan Urretxura doazenek eta Azkoitira doazenek aurreratzeko tarte seguru baina izango dute. Errepide hori 3.300 ibilgailuk baino gehiagok erabiltzen dute egunero eta %10 ibilgailu astunak dira.
Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak eta Azkoitiko eta Urretxuko alkateek prentsaurrekoa eman dute gaur, obraren hasiera dela eta. Oiarbidek obra hau aldundiaren proiektu estrategikoetako bat dela esan du. “Errepide horrek dituen 13 kilometroak oso garrantzitsuak dira erabiltzen duten milaka gidarientzat, bai Zumarragako ospitalera joateko, bai Gipuzkoako gaitasun handiko biribilgunearekin konektatzeko”.
Obrari esker, joan-etorri horiek seguruagoak eta erosoagoak izango direla aurreratu du. “Errepide sare erosoa, modernoa eta segurua izatea ere funtsezkoa da gure enpresentzat eta egunero lantokietara joaten diren langile guztientzat”.
GI-631 errepidea hobetzeko proiektuak 45,5 milioiko aurrekontua du. Obrak 2020an hasi ziren, Aizpurutxo auzoko zeharbidea hobetzeko lanekin. Aurrerago hiru erreiko beste bi tarte egingo dira.