Punta-puntako artistak arituko dira Iparragirreren omenezko jaialdian
Hilaren 20an izango da. Gorka Hermosak 'Urretxutik mundura' obra aurkeztuko du. Toti Martinez de Lezeak, Joseba Apaolazak eta Jon Maiak ere parte hartuko dute
Urretxuko Udalak luxuzko kontzertua antolatu du Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurreneko programaren barne. Hilaren 20an egingo da, 19:30ean, San Martin de Tours elizan. Gorka Hermosak Urretxutik mundura obra aurkeztuko du. Obra hau Urretxuko Udalaren enkarguz konposatu du. Bertan, Iparragirreren melodia ezagunenen moldaketak eta bere obrak fusionatu ditu, Iparragirreren eta bere bizitza eta obraren paralelismoetan sakonduz. Urretxutik mundura 2020ko irailean estreinatu zen Donostiako Trinitate plazan, ETBk emititutako kontzertuan.
Urretxuko emanaldian, Hermosarekin batera, punta-puntako artistak arituko dira: Joseba Apaolaza aktorea, Toti Martinez de Lezea idazlea, Jon Maia eta Maialen Akizu bertsolariak, Josu Maroto marrazkilaria, Marina Pardo mezzosopranoa, Blanchard Strings orkestra eta Easo abesbatza. Ikuskizuna Apaolazaren Iparragirreri buruzko gogoeta umoretsuarekin hasiko da. Ondoren, Hermosak Urretxutik mundura aurkeztuko du. Obra honek 45 minutuko iraupena du. Hermosarekin batera Easo, Blanchard Strings eta Pardo arituko dira. Gainera, Maiak eta Akizuk bertsoak abestuko dituzte mugimenduen artean.
Ondoren, Hermosak Miñan obra joko du. Miñan Amets Arzallus bertsolariak eta Ibrahima Balde etorkinak idatzitako liburuaren izenburua da. «Iparragirre migratzailea izan zen eta nire familia ere bai. Kanta hau Hezurbeltzak taldearen single berria da. Urretxun Blanchard Strings-ekin eta Ametsen eta Ibrahimaren kolaborazioarekin joko dut», azaldu du Hermosak.
Jarraian, Martinez de Lezeak Anjela Kerexeta Iparragirreren emazteari buruzko gogoeta bat egingo du eta Maiak eta Akizuk bertsoak abestuko dituzte, batak Iparragirreren rolean eta besteak Kerexetarenean. Bukatzeko, Hermosak Iparragirreren Zibilak esan naute eta berak konposatutako Bihotz bakarra joko ditu. Azken abesti hau Urretxu eta Zumarragari buruzko zortziko bat da eta artista guztiek batera abestuko dute.
200 lagunentzako tokia bakarrik dago eta gonbidapenak kultur etxean eskatu behar dira. Gonbidapen banaketa atzo hasi zen. Kontzertua grabatu egingo da eta UTBn emango dute.