Otañoren bizitza pantaila handira, Beasaingo ikasleen bitartez
Patxi Biskert 'Ombuaren itzala' filmeko zuzendaria eta aktorea Beasaingo Andramendi ikastolan izan da proiektuaren nondik norakoak aurkezten
Patxi Biskert zine zuzendariak eta aktoreak Pello Mari Otaño bertsolariaren bizitza pantaila handira eramango du, Ombuaren itzala filmean. «Zenbat aldiz kantatu ote ditugu bere koplak. Oraingo gazteek, ordea, erreferentzia hori galdu dute», atsekabetu da Biskert. «Garaiko pertsonaia interesgarria da: euskara era berritzailean erabili zuen eta bertsoetan ere oso aurreratua izan zen. Eztarriko arazoak zituen eta bertsopaperak idazten zituen. Sekulako aldaketa izan zen. Ordura arte bertsoak ahoz aho pasatzen ziren, galtzeko arriskuarekin. Baina Otañoren bertsoak jasota gelditu dira».
Biskert eskolaz eskola dabil proiektuaren nondik norakoak azaltzen, hein batean eskoletara bideratuta dagoelako. Beasaingo Andramendi ikastolan izan zen pasa den astean. Ikasleekin zineaz kontu kontari ibili zen.
Dirua biltzen ere badabil. 750.000 euro pilatu nahi dituzte. Sarrerak aldez aurretik saltzen dabiltza. Urtebete barru amaituko dute proiektua, eta orain sarrerak erosi dituztenak izango dira ikusten lehenak. Era berean, zuzeneko ekarpenak ere egin daitezke korronte honetan. Trukean, mezenazgo kulturalaren ziurtagiriak banatzen dituzte errenta aitorpenean hobari fiskalak jasotzeko.