Herritarren energia kooperatiba proiektua aurkeztu du Aldundiak
Ekiolak, energia trantsiziorako aukera bezala aurkeztu ditu Jose Ignacio Asensio Aldundiko diputatuak. Goierri beheko udal ordezkari hainbatekin elkartu da Goiekin
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentua energia sistema berriak ezartzea bultzatzeko lanean ari da. Zehazki, energia berriztagarri jasangarriak eta autokontsumoa aukeratzen dituzten sistemak eta lurraldearen kanpoko mendekotasun energetikoa murriztea helburu dutenak. Gainera, bultzatu nahi diren energia sistema berriek herritarrak ahalduntzea eta energia sistemaren erdigunean rol aktiboarekin kokatzea bilatzen dute.
Hori horrela, atzo goizean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu Jose Ignacio Asensiok herritarren kooperatiba energetikoen proiektua aurkeztu zien Goierriko udal ordezkariei, Goierriko Goieki Garapen Agentziaren egoitzan, Ordizian. Bertan izan ziren, Iker Galparsoro Goiekiko zuzendaria, Laia Koop.-eko Rosa Aurkia, eta Ataungo, Beasaingo, Mutiloko, Olaberriko, Ordiziako, Segurako eta Zaldibiako udal ordezkariak.
Jose Ignacio Asensiok nabarmendu duenez, «hain beharrezkoa den trantsizio energetikoa gizarte gisa daukagun erronketako bat da; izan ere, klima aldaketari aurre egiteko balio izateaz gain, hura da Gipuzkoako 62.000 etxeri baino gehiagori eragiten dien kalteberatasun energetikoa desagerrarazteko tresnarik onena».
Irabazi asmorik ez
Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak bultzatzen dituen herritarren energia kooperatibak irabazi asmorik gabekoak dira, eta eguzki energia sortzen eta kudeatzen parte hartzera bultzatzen dituzte herritarrak, beren hornidurarako.
Energiaren Euskal Erakundearekin eta Krean ingeniaritzarekin batera sustatzen dira, Gipuzkoako lurralde historikoan Ekiolak izeneko eguzki energiako herritarren kooperatiben instalatzaileak baitira horiek.
Proiektu honen baitan, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak eta Ekiola elkarlanean egingo dute Gipuzkoan elektrizitatea teknologia fotovoltaikoarekin sortzeko kontsumo kooperatiben plangintza. Baita herritarrek eta erakunde desberdinek kooperatiba horietan parte hartzea bultzatu eta erraztu ere.
Proiektua martxan jarrita, helburua da 2050ean BEG-en guztizko isurketak, 2005. urtearen aldean, gutxienez %80 murriztea. Horrez gain, energia berriztagarrien kontsumoa, azken kontsumoaren %80 izatea, 2050erako.
Trantsiziorako laguntzak
Energia trantsizioa arintzeko, laguntza-lerro bat aurkeztu du Ingurumeneko departamentuak Europan, Euskadi Next egitasmoaren bidez.
Asensiok esan duenez, «energia trantsizioaren oinarria dago berriztagarriak aukeratzen dituzten eta herritarrak rol aktiboarekin posizionatzen dituzten sistema energetiko berriak sustatzean, eta ingurumenaren arloan lanean ari gara Europako funtsak mobilizatzea lortuko duten proiektuak izan daitezen».
Zero kilometro
Kooperatibak sortzearekin, herrialdearen balioekin eta egitura ekonomikoarekin lotzeaz gain, auzotar askok parte hartzea dakarten proiektu handiagoak eratzea ahalbidetzea bilatzen dute. Horri esker, energia-azpiegiturak bertan instalatu eta gertuko energia sortu nahi dute.
Kooperatibaren kideek, sortzen duten energiren kontsumitzaileak izango direnak, kooperatibaren jabetzaren zati bat erosten dute, etxebizitzaren energia kontsumoaren pareko kostuarekin.
Kooperatiba bakoitzak eraiki eta erabiliko ditu instalazioak, kostu egonkor batekin eta epe luzerako. Emaitzak kooperatibistei iztuliko zaizkie faktura elektrikoetan, argiaren faktura, gutxi gorabehera, %20-30 murriztuta.













