Eliteko pala lehiaketa asteburuan hasiko da Olaberrian, abendutik aurreratuta
Final-laurdenak eta finalaurrekoak bihar eta etzi jokatuko dituzte, eta finala uztailaren 4an. Oier Alkorta Oianguko palaria Munduko Txapelketarako aurre-hautaketan dago.
Olaberriko Pilota Taldeak asteburu honetan eta hurrengoan egingo du eliteko pala txapelketa. Abenduan izan ohi da normalean, baina aurten 23 urtez azpikoen Munduko Txapelketa jokatuko denez (Valleladoko Iscarren, Espainia, urriaren 17tik 23ra), aurreratu egin dute.
Hain justu, Oiangu klubeko Oier Alkorta azpeitiarra munduko txapelketara joateko Espainiako aurre-hautaketan dago. Sei pilotari joango dira, eta zortzira murriztuta dago hasierako 12ko aukeraketa. Alkortaren balioa ikusarazteko eta aukera emateko prestatu dute, hala.
Finalaren aurretikoak
Asteburuan final-laurdenak eta finalaurrekoak jokatuko dituzte, Olaberriko udal pilotalekuan. Bihar, 17.00etan, Zumeta-Purroy eta MarcosPerez-Alkorta lehiatuko dira batetik, eta Estefano-Perez Galvete eta Madariaga-Ruiz bikoteak ondoren.
Irabazleek igandean jokatuko dituzte finalaurrekoak, 17:00etan hasita. Lehen kanporaketakoek Fernandez Arcaia-Mayoren aurka, eta bigarrenekoek Espartza-Intsaustiren aurka.
Final handia, azkenik, uztailaren 4an, igandearekin, 12:30ean izango dute bi bikote garaileek.
Sarrera doan izango da.