IATa urtebetean irekitzeko konpromisoa hartu dute hiru aldeek
Beasaingo Udala, Eusko Jaurlaritza eta IAT zentroa ustiatuko duen enpresa aurreko astean elkartu dira. Iturralde txikiko lagapena sinatu zutela urtebete da
Beasaingo Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Grupo Itevelesa enpresak Beasain IAT zerbitzua urte betean martxan jartzeko konpromisoa hartu dute. Hiru aldeetako ordezkariak aurreko astean bildu ziren, prozesua azkartzeko asmoarekin. Pausoak «lehenbailehen» emateko «ahalegin guztia» jarriko dutela esan zuten.
Leire Artola alkatea, Adur Ugartemendia alkateorde eta Lurraldea saileko burua, Iñaki Aldekogarai Eusko Jaurlaritzako ekonomiaren garapena, jasangarritasuna eta ingurumena saileko zerbitzu zuzendaria eta IAT zerbitzua eskaintzeaz arduratuko diren Itelevesa enpresako ordezkariak Iturralde txikiko lursailean elkartu ziren. Bertan eraikiko da IAT zerbitzugunea. Iazko ekainean sinatu zuten Beasaingo Udalak eta Eusko Jaurlaritzak lursailaren lagapena. IAT zerbitzua Beasainen kokatzeko tramitazioak, ordea, 2016an hasi zuen udalak.
Eskaera handiko zerbitzua da eta Goierri osoan ez dago halako zentrorik. Bergaran eta Arbizun daude hurbilenak.