"Ingurumen justiziarako eskubidea" aldarrikatu dute Landarlanek eta Eguzkik
Aralarko pisten auziaren gaur egungo egoeraren balorazioa egin dute Landarlan Ingurumen Elkarteak eta Eguzkik. Mankomunitateari eskatu diote, "pista berriak eraikitzeko mehatxuak desaktiba" ditzala.
Aralarko pisten auziaren gaur egungo egoeraren balorazioa egin dute Landarlan Ingurumen Elkarteak eta Eguzkik, eta batik bat, «ingurumen justiziarako eskubidea» aldarrikatu dute.
Tolosako epaitegiak, Goroskintxu-Saltarri eta Enirio-Doniturrietako pistak eraikitzearen aurka jarritako salaketak artxibatu egin zituen, bi elkarte ekologisten ustez, «kaltetutako ekosistemak asko hondatu diren eta hondatuko badira ere, eta natura-ondarearen interes publikoaren gainetik, interes pribatiboa nagusitzen den arren».
Atentzioa eman die «artxiboko autoak ematerakoan, pistak eraikitzeko baimenak baliogabetzera eraman lezaketen balizko legezkontrakotasunak adieraztea, baina, aukera hori onartu arren, balizko legezkontrakotasun horiek zigor-kodean argi eta garbi ez direla agertzen esatea, nahiz eta egin ziren txosten guztietan eta fiskaltzaren iritzian argi geratu zen mendi babesgarriaren eremuan pista berri bat egiten ari zirela eta, beraz, ez zegoela horretarako estaldura juridikorik».
Epaileak bi pisten salaketak artxibatzeko argudiatutako beste arrazoi bat, «frogarik eza» izan da, eta, hain zuzen ere, «horretaz arduratu den Ertzaintzaren Ingurumen Zerbitzuak behin baina gehiagotan adierazi du ez duela behar diren ikerketak egiteko baliabide nahikorik, Aralarko kasuan gertatu den bezalaxe».
Horri lotuta, eta bi erakundeek gogorarazi bezala, Eusko Legebiltzarrak aho batez eskatu zion Eusko Jaurlaritzari, Ertzaintzaren ingurumen-delituen taldea indartzeko. Baina hiru urteren ondoren, «berdin jarraitzen dugu.
Bestalde, Foru Aldundiak eta EAJk politika judizializatzea leporatu izanaren aurrean, gogoratu dute, «salaketak Ingurumen Fiskaltzak onartu zituela, eta erakunde horrek hasi zuela bide penala, arrazoiak zituelako horretarako». Ingurumenaren defentsan, bide guztiak agortzen jarraituko dutela esan dute.
Azkenik, Enirio-Aralar Mankomunitateari eskatu diote, «naturaren kontserbazioaren arloko legezko erabakiak bete eta interes publikoa defenda ditzala, eremu babestu honetan pista berriak eraikitzeko mehatxuak desaktibatuz».