Lekanazpik alkatearekin hitz egin nahi du hilaren 14ko akustikoari buruz
Lekanazpik ez du etsi eta hilaren 14ko kontzertu akustikoarekin aurrera jarraitu nahi du. Baimena lortzeko alkatearekin bilera bat egin nahi duela dio elkarteak kaleratu berri duen ohar batean, aurreko ostegunerako hitzartuta zutena udal Gobernu Taldeak bertan behera utzi eta gero. «Lekanazpik ez du alkatearekin haserretu nahi», dio, «are gutxiago, bera desgastatu», eta elkarteak beste helburu batzuk dituela gogoratu du, «kultur sorkuntza bultzatzea», besteak beste.
Uztailaren 1eko bilera eteteko argudioekin ez datorrela bat ere jaso du oharrean, baina horrek konponbiderik ez duela-eta, berriz ere alkatearekin elkartzea eskatu duela jakinarazi du. Atzo ez zuten oraindik baiezko erantzunik jaso.
Lekanazpiren asmoa kontzertu akustikoa herriko plazan egiteko baimena lortzea da. «Oraindik badago tartea, debekutik kontzertua baimentzera pasatzeko». Iazko akustikoa baimentzeko alkatetzaren dekretua kontzertua egin aurreko egunean sinatu zela gogoratu du.
Lau arrazoi
Lekanazpik azaldu duenez, dena prest dauka kontzerturako. «Alkatearen baimena besterik ez zaigu falta», eta debekua kentzeko lau arrazoi eman ditu. Lehenik dio, hilaren 14rako udalak ez duela jarduerarik antolatuta herriko plazan. Bigarrenik, udalak kontzerturako proposatutako Azokak 120 lagunentzako tokia bakarrik duela azaldu du, iazko akustikoan ia 300 lagunek parte hartu zuten bitartean; «ez dirudi logikoa bertaratutakoen erdia baino gehiago kanpoan uztea». Hirugarrenik, kontzertu mota horretarako Azokak behar diren soinu eta akustika baldintzak ez dituela betetzen argudiatu du. Eta laugarrenik, «plaza inguruan kokatutako bost tabernekin lankidetzan terraza jartzea aurreikusten dugu», eta horretarako espazio oso zabala behar dela dio.
Horiek guztiak kontuan hartuko dituztelakoan, «ilusioz, zuhurtziaz eta itxaropenez, alkatearen bulegoan bilera egiteko deiaren zain gaude. Gure ustez, gure arrazoiak entzunda, alkateak erabakia alda dezake, debekua kendu eta kontzertu akustikoa baimendu».
Akustikoaren auzia
Uztailaren 14ko akustikoaren auzia maiatzaren 28an hasi zen, kontzertu hori Euskal Herria plazan egiteko baimena eskatuz Lekanazpik udaletxean eskaera egin zuenean.
Aste gutxira etorri zen udalaren erantzuna, baimena ukatuz eta Azokaren alternatiba eskainiz. Lekanazpik bilera eskatu zuen orduan alkatearekin, plazako aukerari buruz hitz egiteko, eta uztailaren 1erako adostu zuten horretarako hitzordua. Baina aurreko egunetan elkarteak kaleratu zuen bideoak haserrea eragin zuen Gobernu Taldean, eta horrek bilera bertan behera uztea erabaki zuen.