Narbaiza eta Etxeberria eibartarrek sendo irabazi dute Goilurrak Rallya
Gorka Antxustegi-Xabat Urresti sailkatu dira bigarren, eta Arkaitz Uranga-Maialen Guridi hirugarren. Bi erlojupeko irabazi ditu goizeko sektorean Narbaizak, rallya bideratuta utzita
Euskal automobilismo amateurrean punta-puntan dagoela erakutsi dute Iñaki Narbaizak eta Unai Etxeberriak. Hasieratik bukaerara nagusitasun handiz gidatuta, III. Goilurrak Rallya irabazi zuten, larunbatean. Aurreko bi urteetako irabazleek jauzia egin dutenez Aingeru Castro eta Joseba Iraola, hautagaitza sendotu dute eibartarrek.
Nahiz eta Peugeot 206 garatzen ibili den, Peugeot 208 autoarekin irabazi dute Narbaiza-Etxeberriak. Izan ere, Peugeot 208 kotxeen rallya izan da, nagusiko lehen hiru sailkatuek baitzuten. Bigarren Gorka Antxustegi-Xabat Urresti esperientziadunak sailkatu dira, Iñigo Alustiza-Leire Urbietaren R2 autoarekin. Hirugarren, Arkaitz Uranga eta Maialen Guridi dira. Sailkapen nagusirako 28 taldek lortu zuten zati guztiak amaitzea; 53 irten ziren.
Narbaizak eta Etxeberriak eguneko sei erlojupekoetatik bi irabazi zituzten, Azkarateko zatiko biak (TC2 eta TC4). Beste hirutan bigarren geratu ziren.
Urola Erdiko sektorea oin txarrez hasi zen. Neutralizatu egin zuten lehen zatia, iazko txapeldunorde Aitor Saizarrek istripua izan eta zaurituta geratu ondoren. Saihets bat pitzatu zitzaion, baina atzorako sendagiria jasota zen. TC4 zatia ere azken aldera neutralizatu zuten, auto bat bazterra jota toki txarrean geratuta.
Goierrin bietan Ivan Muñoz
Gainontzean, arazorik gabe garatu ahal izan da Goilurrak Rallya. «Atera zen karrerarekin gustura geratu gara antolakuntzan, jendea ere bai proposatutako bide-zatiekin. Eskerrak eman nahi dizkiegu babesleei, udalei eta laguntzen diguten guztiei. Laugarren Goilurrak ere izango da», aurreratu du Ikullu Racing taldeko Ibai Agirrek, Azkoitiko Errebueltierekin antolatzaile den Lazkaoko eskuderiatik.
Hain justu, goizeko lau zatiak Azkoitia-Elgoibar inguruan jokatuta, poltsikoan sartu samarrik etorri zen Narbaiza-Etxeberria bikotea Goierrira. Arratsaldean 19,45 kilometroko Gabiria-Zegama zatia bi aldiz zeukaten; ezin lokartu, beraz.
Ivan Muñoz eta Igor Izagirre izan ziren Gasogas deituriko zati horretan nagusi. Skoda Fabiarekin, bietan denbora onenak lortu zituzten: 12:17,27 minutu lehenean eta 12:08,85 bigarrenean. Narbaizak bietan bigarren egitea nahikoa izan zuen irabazteko, Antxustegiri 35 segundo eta Urangari 1:01 minutu aterata.
Klaseka, 2.ean Eneko Ausin-Igor Velasco dira garaile, 3.a Antxustegi-Urresti, 4.a Narbaiza-Etxeberria, 5.a Ioritz Odiaga-Arkaitz Kobeaga, 6.a Roland Holke-Nerea Campos, 9.a Aratz Zarakondegi-Aitor Kortazar, eta Formula Librean Ibon Beitia-Jon Zubiaurre. Sportech Kopa Iban Agirregomezkorta-Alain Altzibarrek jaso dute, eta Goilurrak Kopa Beitia-Zubiaurrek.













