Haurren nahietatik eraikitako jolas parke berria dute Itsasondon
Haurrekin parte hartze prozesua egin dute haien ekarpenak jaso eta jolas parke berria, haien beharretara egokitzeko. Urtebetean bigarren fasea ere amaitzea espero du Itsasondoko Udalak
Haurrentzako jolas parke berria inauguratu zuten atzo Itsasondon. Hilabeteetako parte hartze prozesu baten ondoren eta hori ardatz hartuta, bertan egin diren lanak amaituta, dagoeneko erabilgarri dago parke berria. Inaugurazio ekitaldian, udal ordezkariak eta parte hartze prozesuan parte hartu zuten haurrak izan ziren. Azken hauek izan ziren, zinta moztea egin zutenak, eta keinu sinboliko horrekin, parkea ofizialki zabalik geratu zen.
Itsasondoko herrigunean, frontoiaren ondoan dago haurren jolas parkea. Aspalditik, zaharkituta, eta hainbat elementu hautsita zituen. Udalak bi aukeren artean erabaki beharra zuen: hautsitako elementuak konpondu; edo, dena bota, eta parke berria egin. Nagore Etxeberria zinegotziak azaldu duenez, eta ikus daitekeen moduan, «berria egitearen aldeko apustua» egin zuten.
«Argi genuen bestelako parke bat nahi genuela: natur elementuek garrantzia izango zuten parkea, jolas librea eta irudimena askatzen lagunduko zuen parkea…». Era berean, «oso argi genuen haurrak izango zirela eremu honen erabiltzaileak, eta, beraz, haien nahiak eta hitza entzutea garrantzitsua zela». Hori guztia kontuan hartuz, batetik, Kimu Bat enpresako kideekin jarri ziren harremanetan, bilatzen zuten ideiaren inguruan lan egiteko enpresa aproposa izan zitekeelakoan. Bestetik, haurren ekarpenak jasotzeko parte hartze hartze prozesu bat egin zuten. Lan horretan, Laia Kooperatibaren laguntza izan dute.
Prozesua
Parte hartze prozesuan, 6 eta 11 urte bitarteko 9 haurrek parte hartu zuten, eta 5 saio egin ziren denera. Egungo parkeak zituen hutsuneak edo alde txarrak eta onak zerrendatzeko, eta gaztetxoen nahiak jasotzeko baliatu zuten lehen saioa.
Hurrengo saioetan, parkea kokatuko zen espazioa aztertu eta neurtu zuten, gogoko jolas elementuak maketa batean kokatu aurretik. Azken aurreko saioan, udaleko arkitektoari, Kimu bat enpresako arduradunari eta udaleko arduradunari erakutsi zieten euren ametsetako parkea. Eta azken saioan, arkitektoaren zein Kimu bat enpresako arduradunaren azalpenak eta argibideak jaso zituzten: herriko gaztetxoek eskatutako zer egin zitekeen eta zer ez argitu zieten.
Eta orain, paper huts batean marraztu zuten hartatik abiatuta egin den parkea errealitate da: ura, hondarra, eskalatzeko pareta, ezkutatzeko etxetxoak edo lekuak, eta beste hainbat elementu ditu.
Bestalde, parketik gertu dauden komun publikoetan ere berrikuntza lanak egiten ari dira eta egun gutxi barru espero dute zabaltzea.
Bigarren fasea
Hau baina, parkearen zati bat baino ez da. Etxeberria zinegotziak azaldu zuenez, «asmoa da hurrengo urtean parkearen bigarren zatia egitea».
Ondo bidean, urtebete barru jolas eremu erabat berritua izango du Itsasondok.