Legazpin prestatzen hasita daude urriaren 18ko Korosti Trailerako
Hirugarren edizioa beteko du aurten mendi lasterketak, eta berriz ere Goierri Kopa ixteko izango da. Igande goizean festa giroa izango da plazan, eta bezperan, larunbat arratsaldean, haurrentzako lasterketak izango dira.
Korosti Trail hirugarren ediziora iritsi da. Urriaren 18ko goizerako antolatu dituzte Korosti mendi inguruan egingo diren lasterketak, eta herriko plaza festa giroan murgilduko da berriz ere kirol proba horien aitzakian. Aurreko eguneko arratsaldea haurrentzako erreserbatu dute, lehen aldiz egingo baita Korosti Trail Txiki.
Atzo elkartu ziren antolatzaileak udal ordezkariekin mendi lasterketak aurkezteko. Antolaketa taldetik Garikoitz Nuñez, Mikel Salegi, Andoni Etxaleku, Mikel Bravo eta Josu Ureta izan ziren aurkezpenean, eta udalaren aldetik Eric Galvez alkatea eta Josu Galilea kirol zinegotzia.
Alkateak esan zuenez, “hirugarren ediziora iritsita, gurea egin dugun lasterketa bihurtu da, propio sentitzen dugu, eta giro pare gabea sortzen du herrian”. Hori guztiagatik eskerrak eman zizkien antolatzaileei “trailen mapan Legazpi kokatzeagatik”. Antolatzaileak ere oso eskertuta agertu ziren udalarekin, “eskainitako laguntzagatik, beti hor egon zaretelako edozer gauzatarako”, eta herriko denda txiki eta enpresak ere aipatu zituzten.
Betiko Korosti Trail
Lehen bi urteetako data aldatuta dator edizio berria, “urriaren 12 inguruan egin dugu orain arte, baina aurten, zubiagatik bertigo pixka bat sortu zitzaigun eta aste bete atzeratzea erabaki genuen”. Baina betiko Korosti Trail izango da.
Bi proba izango dira, luzea eta motza, eta Euskal Herria plazan irteera eta helmuga jarrita, Gorostiaga edo Korosti mendi inguruan egingo dira, lehen bi edizioetako ibilbideekin. Bi lasterketak Zatui mendi lerrotik zehar egingo dira, eta Korostitik, Jentiletxetik, Oregitik, Eskortazarretatik eta Arranoaitzetik igaroko dira. Lasterketa luzeko partaideak Arrolamendiraino ere joango dira.
Proba luzea 09:30ean abiatuko da plazatik, eta 23,4 kilometroko ibilbidea eta 1.400 metroko desnibela izango ditu. Bidean lau anoa postu izango dituzte, eta bukaerakoa, plazan. Lehenaren helmugaratzea 11:30erako dago aurreikusita. Lasterketa luze honetan kilometro bateko tartea egongo da aparte kronometratuko dena, Jentiletxeko igoera, eta hori azkarren egiten duten gizonak eta emakumeak sari berezi bana izango dute.
Lasterketa motza 10:15ean hasiko da. Ibilbideak 13,4 kilometro izango ditu, eta 800 metroko desnibel metatua. Lehena 11:25 aldera iritsiko da helmugara.
Legazpin 496 korrikalari elkartuko dira igandean, gizonezkoak %75 dira eta emakumezkoak %35. Kirolari guztietatik 189 legazpiarrak izango dira, batez ere lasterketa motzean. Boluntarioak, berriz, 90dik gora izango dira aurten ere. Horiekin bilera egingo dute datorren asteartean, hilak 13, Kultur Etxean, 19:00etan, egin behar dituzten lanen berri emateko. Boluntario gehiagorentzako lekua ba dago oraindik.
Bi erakunderekin elkarlana
Aurtengo Korosti Trail-ean bi erakunderen izenak letra larriz agertuko dira. Batetik, iaz bezala, Etiketa Berdearen balioekin bat egingo du, “lasterketa jasangarri bat izateko helburuz: ingurugiroarekiko errespetua, hondakinen kudeaketa jasangarria, korrikalariekiko errespetua eta guztientzako trataera berdina…”.
Bestetik, Goierri Koparen barruan dagoenez, aurten liga horretako lasterketa guztietan izen-emate bakoitzetik euro bat Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako elkarterako izango da.
Festa giroa plazan
Igande goizean mendian bakarrik ez, herriko kalean eta plazan ere izango da zer egin. Korrikalariak mendian diren bitartean, 11:00etan hasita festa giroa izango da plazan, taloekin, haurrentzako puzgarriekin eta kirol materiala eta artisau lanak saltzeko postuekin.
Sari banaketa 13:30ean egingo dute. Bi lasterketatako lehen hiru sailkatuek jasoko dute bana, emakumezkoek eta gizonezkoek, baita lehen legazpiarrek ere. Jentiletxeko igoera azkarrena egiten dutenentzat ere izango dira sariak.
Goierri Kopa Traileko irabazleek ere bertan jasoko dute saria. Bi lasterketetan igande horretan bertan erabakiko da nortzuk diren irabazleak. Momentuz, trail distantzian, Maite Murgia eta Egoitz Arrieta legazpiarra doaz lehenak, eta sprint kategorian, Nora Anton eta Ivan Sanjuan.
Korosti Trail Txiki
Aurtengo edizioak badu berritasun garrantzitsu bat, Korosti Trail Txiki. “Lasterketa hau festa bat izatea nahi dugu, eta horregatik, bezperarako 4 eta 14 urte bitarteko neska-mutilentzako lasterketa txikia antolatu dugu, adin horretako gaztetxoentzako distantzia egokiekin”.
Korosti Trail Txikian ere bi lasterketa izango dira eta plaza inguruan egingo dira, 17:00eta hasita. Luzeak 1,2 kilometroko luzera eta 30 metroko desnibel positiboa du, eta motzak 550 metroko luzera eta 15 metroko desnibela.
Izen-emateak egunean bertan egin beharko dira, eta amaieran, merienda egongo da partaide guztientzat, baita saria ere.














