Lan hitzarmen berria lortu artean, greba egingo dute MMI-Prodemako langileek
Enpresaren zuzendaritzarekin lan hitzarmena negoziatzen aritu dira baina LAB sindikatuak esan du negozioazioa «blokeatuta» dagoela. Irtenbide bat bilatu ezean greba mugagabera joko dute
Legorretako MMI-Prodema enpresako langileek grebara jo dute. LAB sindikatuak hala jakinarazi du: «Azken lan hitzarmenaren (2018-2019) indarraldia amaitu zenetik, urte eta erdi igaro da jada eta berria negoziatzeko hainbat bilera egin ostean, MMI-Prodemako langileok grebara jotzea erabaki genuen batzarrean, ia aho batez, enpresak negoziaketa blokeatzeko hartutako erabakiari erantzunez».
Langileria eta enpresako zuzendaritza, lan hitzarmena negoziatzen aritu dira, akordio batera iritsi gabe. LABek dioenez, enpresaren azken proposamenak ez ditu langileen aldarrikapenak jasotzen: «Ez du soldata igoera duinik bermatzen, ez du urteko lanaldiaren beherakadarik aurrikusten, ez lanaldia malguki moldatzeko aukera mugatzearen inguruko aipurik, ez eta bestelako edukirik».
Hori dela eta, langileek grebara jo dute, eta iragarri dute, «borrokan segiko dugu, enpresa, hitzarmena negoziatzera eser dadin, hitzarmen duina lortzeko helburuarekin». Hala, enpresaren zuzendaritzari dei egin diote «jarrera aldatu eta borondatea erakutsi» dezan. «Enpresak edukien gainean aurrerapenik ematen ez badu, aste honetan eta hurrengoan, bi eta lau orduko lanuzteak egingo ditugu, eta uztaileko azkeneko astean, greba mugagabeari ekingo diogu».













