Bi urteko lankidetzarako akordioa sinatu dute Irizarrek eta Iberdrolak
Irizarren fabriketan autobusak deskarbonizatzeko jatorrizko bermedun hornidura berriztagarria jarri dute. Hiri garraioen elektrifikazioa eta teknologia berrien garapena landuko dute
Irizarrek eta Iberdrolak akordio bat sinatu berri dute. Datozen bi urteetan hiri garraioaren elektrifikazioan eta energia berdearen horniduran lankidetzan jarduteko akordioa da. Hiriko autobusen elektrifikazioarekin, autobus baterien birziklapenarekin eta birkarga adimenduko proiektuetan elkarrekin lan egingo dute bi enpresek. I+G programak, proiektu erakusleak eta teknologia berrien garapena ere landuko dituzte.
Irizarrek, Irizar e-mobilityk eta Iberdrolak sinatutako akordioa da eta bi urteko iraupena izango du. Enpresek hedabideetara helarazitako ohar batean azaldu dutenez, «jarduerak bateratuko» dituzte autobus garraioaren elektrifikazioan «berrikuntza teknologikoa lortzeko» eta hiri mugikortasunaren arloan «berehalako deskarbonizazio erronkei irtenbideak emateko».
Aipatutako proiektuetan lan egiteko azterketa bateratua egingo dute, mugikortasun elektrikoari eta garraioaren elektrifikazioaren azelerazioari aplikatzeko. Batetik, Iberdrolak, eragile gisa, garraioaren elektrifikazioa gidatuko du deskarbonizazioa lortzeko. Bestetik, Irizarrek ibilgailuak eta elektromugikortasunerako karga sistemak eta azpiegiturak jarriko ditu.
150 milioi euroko inbertsioko mugikortasun iraunkorreko plana hedatu du Irizarrek, hurrengo urteetan ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntu gehiago ezartzeko. 150.000 karga puntu enpresetan, kaleetan, etxeetan zein autobideetan instalatzea aurreikusi du enpresak. «Estazioak hedatzearen aldeko apustua egiteko, estazio ultra-azkarrak instalatuko dira 200 kilometrotik behin, super-azkarrak 100 kilometrotik behin, eta azkarrak 50 kilometrotik behin».
Hornidura berriztagarria
Akordioa sinatuta, dagoeneko egin dute lehenengo ekintza elkarrekin bi enpresek. Irizarren fabriketan autobusen bizitza zikloa deskarbonizatzeko jatorrizko bermedun hornidura berriztagarria Iberdrolari esleitu zaio. Azken honek Irizarri aholkularitza zerbitzua eskainiko dio taldearen jasangarritasun eremuan, tartean autokontsumoan edo energia eraginkortasun lanetan.













