Eusko Jaurlaritzak ArcelorMittalen Zumarragako lantegia erosiko du
Zazpi milioi euro ordainduko du eta deskontaminazioaz arduratuko da. Legazpiko Sidenor eta Urretxuko Sarralde erosiak ditu eta Legazpiko SFP ere erostekoa da
Eusko Jaurlaritzak, Sprilurren bidez, ArcelorMittalek Zumarragan duen lantegiaren zati bat erosiko du. 150.000 metro koadroko eremu bat da: ijezketa-trenei eta txatarra biltegiari dagokiona. Azken hori beste leku batean kokatuko da.
Jaurlaritzak zazpi milioi euro ordainduko du. Gainera, deskontaminazio lanak bere gain hartuko ditu. Lantegiaren azpitik doan ibaiaren zati bat aire zabalera aterako du, besteak beste. Bertan garatuko den jarduera ez da jatorrizkoaren ezaugarri berekoa izango. Aurreikuspenen arabera, urrian abiatuko da instalazioak desegiteko prozesua.
Zumarragan pozez hartu dute albistea. «Astelehenean izan nuen albistearen berri, baina ez Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Oso albiste ona da Zumarragarentzat eta horrek asko pozten nau. Azken finean, guztiok nahi genuena gorpuztu egin da», aipatu du Mikel Serrano alkateak.
Oraindik lan asko dago egiteko, ordea. «Lursaila Eusko Jaurlaritzaren eskuetara pasako da eta, beraz, jaurlaritzarekin hitz egin beharko dugu bertan garatu beharreko industria jarduerari buruz. Bere asmoak ezagutu nahi ditut. Izan ere, Zumarragako Udalak badu proiektu bat. Eusko Jaurlaritzaren eta Tapia sailburuaren mahai gainean jarriko dugu, beraiek oraindik ez baitute proiekturik».
Serranok lehenbailehen sailburuarekin harremanetan jartzeko asmoa du. «Bost urte pasa dira ArcelorMittal itxi zenetik. Ez dut 2016ko martxoaren 14a sekula ahaztuko. Tapia bera izan zen albistea eman zidana. Bost urte hauetan egin ez dena, hemendik aurrera egitea espero dut. Denok elkarrekin lan egitea espero dut, Zumarragako industria egitasmoa lehenbailehen aurrera atera dadin. Zumarragako Udalak urteak daramatza gai hau lantzen, Industria ministerioarekin, besteak beste».
ArcelorMittalek beste 135.000 metro koadro ditu, Legazpi, Urretxu (Kaminpe) eta Zumarragako lurretan. «Lursail horiei ere irtenbidea eman beharko zaie eta Zumarragako Udala dagoeneko zer egin aztertzen ari da».
EAJren iritzia
Legazpi, Urretxu eta Zumarragako EAJk, berriz, idatzi bat plazaratu dute jaurlaritzaren apustua babesten dutela jakitera emateko. Jaurlaritzak, ArcelorMittalen lursailaz gain, SFPk Legazpin duena erosi du. Gainera, duela urte batzuk Sidenorri Legazpiko lantegia erosi zion eta iaz Urretxuko Udalari Sarralde. EAJk erosketa horiek guztiek industria azalera handi bat birsortzea ahalbidetuko dutela uste du. «Jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko gune berri bat izango da. Beste urrats bat da industria berriz ere Urola Garaiko eskualdera erakartzeko».
EAJk Eusko Jaurlaritzaren eta ArcelorMittalen arteko elkarrizketa eta negoziazioa babestu, lagundu eta bultzatu duela dio. «2016an ArcelorMittal itxi zen eta 2017an Urola Garaiko lehiakortasun estrategia egin zen, zazpi ardatz estrategikorekin. Ardatz horietako bat industria lurzorua berreskuratzea, mantentzea eta optimizatzea zen. Mankomunitateko lehendakaritza izan genuen garaian estrategia hori onartzea eta abian jartzea bultzatu genuen eta Arantxa Tapiak zuzentzen duen sailarekin lanean hasi ginen lurzoru horiek Eusko Jaurlaritzaren planetan txertatzeko».













