«Ordizian irabazteko, lehengoen gazta egiteko eskua ere behar da»
Poza barruan gorde ezinik jaso du Eneko Goiburu Muruak (Segura, 1976) Ordiziako saria. 2015ean heldu zion Ondarreko ardurari. Hirugarren belaunaldiari ere txapela jantzi dio
Egundoko poza hartu duzu, txapeldun zarela aditutakoan.
Bai, Ordizia Ordizia da eta. Ilusioa edukitzen da. Aitona Santi Goiburuk 1970ean irabazi zuen, aitak eta amak 1995ean eta 2014an. Bizian behin, ilusioa egiten zidan. Ez nuen pentsatzen hain azkar, baina egundoko pozarekin segiko dugu. Belaunaldi askotan artzainak eta gaztagileak gara familian, azkeneko 200 urtetan, guk dakigula 7-8 belaunaldi. Eta azken hirurek hemen irabaztea, ikaragarria da.
Zati bat gurasoena da, beraz?
Handia. Gazta egiten aita eta biok aritzen gara, ez naiz ni bakarrik aritzen. Ardiak jetzi ere berak egiten ditu askotan, nik beste batzuetan. Erdia, behintzat, berea da; dudarik ez hori.
Tradiziotik jasotakoa berritzen saiatu al zara?
Ez pentsa aldaketa gehiegi egin dudanik, antzera segitzen dut. Gehien bat, formakuntzarekin konturatzen zara lehen egiten zituzten gauzak zergatik egiten diren. Ezagutza horrek gauzak ondo egiten laguntzen du. Baina, bestela artaldearekin antzera funtzionatzen dugu, eta gatzagi naturalaren garrantzia aitonak eta aitak erakutsitakoa da. Toki hauetan irabazteko lehengoen esku hori ere behar da, ez da erraza hori gabe.
Nolako gazta ekarri duzu?
Otsaileko gazta bat da. Hilabete batzuk baditu, beraz. Gazta zaporetsua, testura oraindik ondo mantentzen duena da. Gatzagi naturalarekin egindakoa, bixigarriarekin eta eztarrian pikore puntua uzten duena. Eta ketua. Ohituraz, lehiaketa guztietara gazta ketuak ekartzen ditugu. Etxeko ohitura da. Aitonak, kontserbatzeagatik, denak ketzen zituen, eta haren omenez edo, beti ketua aurkezten dugu.
Ardiak etxe inguruan ibiltzen dituzue, ala mendian ere bai?
Mendira, ez. Gabirian, amaren jaiotetxean edukitzen ditugu batzuk, eta hura da gure mendia. Zeren udan nekazalturismoa atenditzeko etxean egon beharra dago, ezin dut mendira igo.
Eskaria handituko zaizu orain.
Bai, baina ez dut pentsatzen ekoizpena handitzerik. Ez, ez, gure ekoizpentxoa egiten dugu, salmenta zuzenean saltzen dugu dena anaiak herrian dauzkan dendatik eta harategitik, eta bukatzen direnean, bukatuta.
Gaztagintzaren eta artaldearen ardura noiz hartu zenuen?
2015eko urtarrilean. Urte batzuk badira, baina eskua ere ez zaio urte batean hartzen. Poliki-poliki joaten da hartzen.
Bide onean zoazen seinale?
Bai, lehiaketetan goian azaltzeak bide onean goazela esan nahi du. Honek bultzada handia eta lanerako ilusioa ematen du.
Bihotzean zein dauzkazu oraintxe bertan?
Aita eta ama. Nik, azkenean, nire lana edo aktibitatea haiengandik jaso dut, eta lanik gogorrena beraiek egin dute. Gero, familia guztia: anaiak, andrea, umeak… etxe ingurukoak. Eta aitona zena ere gogoan dut; hark ez zuen
pentsatuko igual gaur egun artzaintzan inork jarraituko zuenik gure etxean.