Udal tasak eta zergak %3,3 igoko ditu 2022an Lazkaoko Udalak
Lazkaoko Udalak %3,3 igoko ditu tasak eta zergak 2022rako. Hala onartu zuen udalbatzaren gehiengoak lehengo osteguneko batzarrean. Abuztuko KPIa hartu dute igoeraren zenbatekoa zehazteko indizetzat. Urtarrilaren 1etik aurrera sartuko da indarrean zerga araudi berritua.
Bizimoduaren garestitzea adierazten duen KPIaren igoera «joera» delako hartu du udalak zergak altxatzeko erabakia. «Azken hilabeteetan goranzko joeran doa eta egoera ekonomiko gero eta hobean aurkitzen gara, hazkunde garaian», dio Eneritz Miranda Ogasun zinegotziak.
Pandemia garaia atzean geratu izana da beste arrazoi bat, udalaren iritziz. «Udalak herritarrak babesteko esfortzu handia egin du, baita zerga politikan ere. Orain, KPIaren gorakada ikusita, eta datu ekonomikoen aurreikuspena ona izanda, momentua da tasen igoera orekatu eta jasangarria proposatzeko».
Taxien tarifa ere %3,3 igoko da, Gipuzkoako Taxi Elkarteak proposatuta.













