Iñaki Isasi eta Enara Oronoz duatloiaren irabazle
Eguraldi ona lagun, larunbatean, 15:30ean hasi zen Zegama-Aizkorri mendi duatloia, Zegamako Elkartu Nahi Txirrindulari Elkarteak antolatuta. Euskal Herriko mendi duatloi zirkuituko bosgarren proba ere izan da Zegamakoa.Guztira 106 txirrindularik hartu zuten parte, 68k banaka eta gainontzekoak bikoteka. Horietatik bederatzi bakarrik izan ziren neskak; seik banaka parte hartu zuten eta gainontzeko hiruak, bikoteka.
Eguneko sailkapenari dagokionez, Iñaki Isasik izan zen irabazlea gizonezkoen artean, 1:52:48ko denbora eginda. Xabier Madrona izan zen bigarren (1:53:14) eta Eneko Gurrutxaga hirugarren (1:55:53). Lasterketa normaltasunez burutu zela esan dute antolatzaileek, baina Isasi, lasterketako irabazlea anbulantzian eraman behar izan zuten helmugara iritsi eta segituan. Eroriko baten ondorioz belaunean zauri sakon samarra egin zuen, ezer larria ez zela izan baina nahiago izan zuten medikuak ikustea.
Emakumezkoetan, Enara Oronoz izan zen irabazlea 2:29:15eko denborarekin. Alde nabarmena atera zien bigarren eta hirugarren sailkatuei; Inma Pereiro (3:01:00) eta Nekane Praderari (3:03:00).
Bikoteka Aitor-Perezek eta Jon Urteagak irabazi zuten. Biek ala biek, lasterketako denborarik onena egin zuten gainera, 1:50:39ko denboran osatu zuten ibilbidea. Hugo Ricardo Texeirak eta Ibon Ruiz de Aldak (1:56:15) eta segundo gutxira jarraitu zieten Borja Aranzabalek eta Jon Alberdik (1:57:04) egin zuten bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.












