Udal Gobernuak inoizko aurrekontu handiena proposatu du
17,6 milioi euroko aurrekontua proposatu dute. Zerbitzu sailak izango luke igoerarik handiena, ia %9koa. Udal gobernuak urtea aurrekontuak onartuta hasi nahi du
Beasaingo udal gobernuak (EAJ) 17.665.000 euroko aurrekontua proposatu du 2022rako. Egungo aurrekontua baino milioi bat gehiago da. Are, lehen aldia litzateke Beasaingo Udalak hamazazpi milioitik gorako aurrekontua izango lukeela.
Proposamenak «herritarrei egokitzen den udalerri atsegin, eroso eta irisgarri bat» bermatzen duela esan dute. Enplegua, ongizatea, herri nortasuna eta jasangarritasuna jarri dituzte oinarrian. «Gobernu onaren kudeaketa eredua» jarri dute proposamena gorpuzteko berme gisa.
Zerbitzuen sailak izango luke gorakadarik handiena, ia %9koa. «Udalerriko azpiegiturak hobetu eta konpontzea lehentasuna da udal gobernuarentzat», azaldu dute. Diru horrekin hasitako hainbat proiektu «epe laburrean» amaitu nahi dituzte, eta beste proiektu batzuk, martxan jarri. «Finean, Beasain atseginago, erosoago, irisgarriago eta finean bizigarriagoa eraikitzen jarraitzeko», diote.
Ongizatera bideratutako partida ere %3 pasatxo gizenduko lukete, inor «atzean bazterturik» gera ez dadin. 265.265 euro esku hartze programetara bideratuko lituzkete, adineko pertsonei, euren familiei, egoera bereziak bizi dituzten pertsonei… ematen zaien arreta hobetzeko.
Elkarteentzako eta eragileentzako partidari eutsi egingo liokete. «Pandemia aurreko egoerara» itzuli nahi dute eta Loinatz Jaietarako partidak aurreikusi dituzte, besteak beste.
Euskara eta parekidetasuna ardatzak zeharkatuko dituen balioak direla esan dute.
Proposamena oposizioaren esku dago jada. Beraiek ere egingo dituzte eurenak. Udalbatzan eztabaidatu, finkatu eta onartu egin beharko dituzte. Udal gobernuak urtea aurrekontuak onartuta hasi nahi du.













