Hiru Auzoetako Korrikaldia bete-betean
Pandemiak iaz eragindako etenaren ondoren, aurten bete-betean itzuli da Ataungo Hiru Auzoetako Korrikaldia. Parte-hartze kopuru polita izan dute, gainera. Denera 109 lagunek eman zuten izena, eta 102 atera dira San Martingo irteera puntutik; horietatik 99 izan dira 17 kilometroko ibilbide osoa bukatu ahal izan dutenak.
Gizonezkoetan, Asier Estarriaga izan da azkarrena aurtengo edizioan. Etxarriko gaztea 1:00:47ko denborarekin sartu da lehen postuan helmugara. Haren atzetik Angel Vazquez lazkaotarra iritsi da (1:01:47), eta hirugarren, berriz, Iker Manso tolosarra (1:01:52).
Emakumezkoetan, Oihana Kortazar izan da azkarrena; mutrikuarrak Maite Maiorak ezarritako 1:06:00 orduko errekorra ondu du eta 1:04:52an jarir du marka berria. Bigarren emakumezkoa Maite Arraiza lazkaotarra izan da (1:06:13), 2019 eta 2018ko edizioetako irabazlea izandakoa. Hirugarren postua, berriz, Maialen Muñoz tolosarrak lortu du (1:08:25).
Herritarrik onenei sariak
Gizonezko eta emakumezkoen podiuma osatu dutenen sariez gain, beste batzuk ere banatu zituzten igandeko lasterketan, herritarrik onenen sariak, alegia. Gizonezkoetan, Jokin Etxeberria izan da aurreneko ataundarra saria gizonezkoetan, eta Izaro Imaz emakumezkoetan. Lehenengo herritar beteranoaren saria gizonezkoen mailan bakarrik banatu dute, ez baitzegoen emakumerik maila horretan; Joxe Ramon Agirre izan da saritua, 45 urtetik gorakoetan.













