Merkataritza biziberritzeko laguntzak Legazpin
Herriko dendei eta enpresa txiki eta ertainei zuzenduta, diru laguntza berriak kaleratu ditu Legazpiko Udalak. Eskaerak egiteko epea abenduaren 30era artekoa da.
Diru laguntza horiek jasotzeko, aurtengo urtarriletik abendura bitartean lehiakortasuna hobetzeko eta tokiko merkataritza biziberritzeko gastu zehatz batzuk egin izana justifikatu beharko dute eskatzaileek. Hala, lehiakorragoak izateko azterlanak edo proiektuak egitean izandako gastuak lagunduko ditu udalak. Merkataritza jardueran denda berri bat irekitzeak eta belaunaldien arteko txandakatzeak eragindako gastuak ere sartzen dira, eta lokalak, altzariak eta ekipamenduak eraberritzeko eta modernizatzeko inbertsioak ere bai.
Laguntza horien onuradun izateko Legazpin lantokiren bat izan behar du eskatzaileak, merkataritza edo negozio bideragarriaren proiektua ere izan beharko du, eta azken sei hilabeteak kontuan hartuta, 50 langile edo gutxiago izan behar ditu.
Laguntzen zenbatekoa
Hiru ataletan banatuta emango ditu udalak diru laguntza horiek. Hala, lehiakortasuna hobetzeko azterlanen kasuan, gastuaren % 90eraino izan daiteke diru laguntza, baina 1.500 euroko mugarekin.
Denda berria irekitzean edo belaunaldien arteko txandaketa egitean landutako bideragarritasun planaren kostuaren % 90erainoko laguntzak ere emango ditu, kasu honetan ere 1.500 euroko mugarekin.
Eta amaitzeko, inbertsioei dagokienez, % 40erainoko laguntzak izango dira, eta gehienez ere establezimenduko eta urteko 3.000 euroko mugarekin.
Laguntza programa 2019tik
Udalak 2019an jarri zuen martxan laguntza programa hau 16.750 euroko partidarekin. 2020an, 68.237 euroko ezohiko partida jarri zuen, eta osasun krisiaren eskakizunetara egokitzeko inbertsioak soilik lagundu zituen. Aurten, 30.000 euroko aurrekontua du programak.













