«AGNH-a ulertzeko karga negatiboa kentzea da klabea»
ADAHIGI elkartean lan egiten du Maddi Berasategik. AGNH trastornoa duten pertsonei eta familiei ematen die zerbitzua elkarteak. Ordizian ere badute bulegoa, Zuhaizti zentroan.
Hitzaldia eman zenuen Ordizian. Zer jarri zenuen mahai gainean?
AGNH-a zer den, haurrei eragiten dienean nola bizitzen duten azaldu nuen eta horrelako kasu baten aurrean helduek izan beharreko perspektibaz eta eman beharreko laguntzez, bai eskoletan, bai guraso bezala.
Zer da AGNH edo Arreta faltagatiko nahasmendua eta hiperaktibitatea?
Trastorno neuro-biologiko bat da. Garuna garatzen doan heinean, nahastea aldatzen doa. Guraso eta heldu bezala ulertu behar duguna da, trastorno hori duten haurrek hainbat gauza egiten dituztenean, ez dituztela nahita egiten, ez dutela helduak zirikatzeko asmoarekin egiten, eta ez daukatela egoera askoren kontrola. Helduok, egoera hori nola ulertzen dugun, erantzun bat edo beste emango diogu, beraz oso garrantzitsua da barneratua izatea, ez dela nahita izan.
AGNH duten haurrekin nola jokatzen da orokorrean?
Gauzak hobetzen doaz, geroz eta informazio gehiago dagoelako, baina oraindik hutsune handiak daude. Estigma handia izan du AGNHk, eta hori zuzentzeko botikak hartu behar izateak. Jarraitzen dugu esaten gehiegi diagnostikatzen dela eta ume batzuei arrazoi nahikorik gabe ematen zaiela botikak.
Horrez gain, ikastetxe batzuetan, oraindik, pertsona hauentzako oso lagungarriak ez diren jarrerak aurkitzen ditugu.
Dena den, esan behar da baita ere, horrelako kasuak egon badaudela, baina eskerrak inplikazio maila gero eta altuagoa erakusten duten irakasleak ere badauden.
Zenbat haurrei eragiten die honek? Zer diote datuek?
Estadistikei erreparatuz, eta gaur egun eskoletan dauden ratioak kontutan hartuta, gela bakoitzeko kasu bat egon beharko litzateke. Izan ere, 25 haurretik bati eragiten dio AGNH-k.
Zer egin daiteke haur hauen egoera hobetzeko?
Batetik, haurrei eta helduei entzun. Eta helduak diot, haur horiek, heldu egiten direlako ere. Haien esperientziak oso garrantzitsuak dira. Lehen pertsonan konta diezagukete bizi izan dutena, eta haiek kontatzen dutena, oso-oso baliagarria da lehengo akatsetan ez erortzeko, eta orain haurrak diren haiei laguntzeko.
Bestalde, AGNH-k duen pertsonaren jokaera horri, karga negatiboa kentzea klabea da.
Adinean aurrera, trastorno hau larriagotu egiten da? Hobera egiten du?
Ikerketek eta estadistikek diote, %50eko probabilitatea dagoela, helduaroan diagnostikoa betetzen jarraitzeko. Gertatzen da, nerabezarora iristean, adibidez, hiperaktibitatea kontrolatzeko gaitasuna lortu izana. Ikasketak amaitu eta lan munduan sartzean ere gertatu ohi da. Arrazoi desberdinengatik gertatzen da hori: batzuetan da, oso gustuko dutelako egiten duten lana; beste batzuetan, lanean energia asko gastatzen dutelako; badaude kasu batzuk, lanak sormen handia exijitzen diela eta horrek sintomak gutxitzen ditu…
Gakoa da, norberak bere bidea bilatzea, estresgunetik ateratzea. Horrelako kasuetan, sintomen intentsitatea asko jaisten da.
ADAHIGI elkartetik zein zerbitzu ematen duzue?
Hiru arlotan eragiten dugu: interbentzio indibiduala umearekin; pautak eta laguntza familiei; eta autolaguntza taldeak.
Elkarteak daukan ona da, antzeko egoera bizitzen ari diren pertsonak saretzen dituela nolabait, esperientziak konpartitzeko gune bat da, bai gurasoentzat, bai haurrentzat. AGNH duten haurren kasuan, konturatzen dira beraiek bezalako beste haur batzuk ere badaudela.
Goierrin ere badaukazue bulego bat, ala?
Bai, Ordizian, Zuhaizti zentroan. Astelehen arratsaldeetan ematen dugu arreta. Laguntza behar duen ororentzat hantxe gaude. Bestalde, gai honen inguruan hitzaldia emango dugu Donostian, azaroaren 20an, Psikologia fakultatean. Informazio guztia gure webgunean dago.