Zerainen hasitakoa, herrian bertan aurkeztua
'Suaren froga' eleberri historikoa aurkeztu du Patrizio Urkizuk Zeraingo elizan. 1530ean Inkisizioak Granadan erre zuen Joanes Lopez Zeraingoaren historia eta istorioa islatzen ditu lanak.
Patrizio Urkizu idazleak (Lezo, 1946) Suaren froga eleberri historikoa aurkeztu du Zeraingo elizan, ZerainLabek antolatuta. Joanes Lopez Zeraingoa izan du abiapuntu eleberrirako. 1488. urtean Zerainen jaio zen Joanes Lopez, eta Inkisizioak Granadan erre zuen 1530ean, erasmoren doktrina berriaren bidetik hiru liburuxka idazteagatik.
Parisen izan zuen Urkizuk bere eleberriaren abiapuntua izango zenaren berri. «Parisen nengoelarik La Procure izeneko liburu denda batean duela urte batzuk, begi aurrean topatu nuen hainbestetan entzundako eta aipatutako Marcel Bataillon-en Erasme et L’Espagne. Reserche sur la vie spirituelle du XVI siécle tesia». Bertan aipatzen zen Joanes Lopez Zeraingoa, eta «interesgarria» iruditu zitzaion.
Hari buruz ikertu zuen, eta bi datu zehaztu zituen: Zerainen jaio zela eta Granadan erre zuela Inkisizioak. «Aurkitu nuen gauza bakarra izan zen Inkisizioak egin zion elkarrizketa eta tortura, kartzelan zegoela eta erre zutela. Artxibo historiko nazionalean zegoen, Madrilen, eta ez zegoen prozesuaren beste paperik». Horrela, Joanes Lopez Zeraingoak jaioterritik Granadara egindako bidea asmatu du eleberri historikoari forma emateko, garaiko egoeraren inguruan ikertuta. «Garaian Inkisizioa nola mugitzen zen eta euskaldunak nondik zebiltzan ikusi nuen». Fikzioa eta dibulgazioa uztartzen ditu lanak, eta «ahalik eta modu egokienean» saiatu da pertsonaia sortzen, «tolerantea eta berritzailea» dena.
Sakontzeko pertsonaia
Uztailean Donostian aurkeztu zuen eleberria Urkizuk, eta atzo Zerainen egin zuen aurkezpena, lanaren sujetuaren jaioterrian. Idazleak azaldu duenez, pertsonaiaren inguruan gehiago sakondu daiteke, baina datu gehiagorik topatu ez duenez, gaia irekita dago nolabait. «Historialariek hori ikertzeko egokia izan daiteke».
Euskal literaturaren zale den edonor animatu du liburua irakurtzera. «Denboran salto handia da, baina garaiaz gozatzeko modu bat izan daiteke». Institutuetan edo eskoletan jorratzeko proposamena ere bada Suaren froga, beste hainbat idazle eta ikertzaileren obrak aipatzen baititu liburuan. «Gazteek ezagutu dezaten. Bernat Etxepare, Joanes Ibarrola eta beste euskaldun batzuen testuak daude, eta baita garaiko kantak ere, eleberria girotzen dituztenak».