Erleen hautapen genetikoaz jardunaldiak egingo dituzte Zaldibian
Erle beltz eztigilearen hazkuntzaz, genetika hobekuntzaz, biziraupenaz eta zabalkundeaz arduratzen den Erbel elkarteak jardunaldi teknikoak antolatu ditu, astebururako. Zaldibiako Goizane eraikineko aretoan izango dira hitzaldiak eta zientzialarien parte-hartzeak, hiru egunean.
Ostiraleko eta igandeko ekitaldiak Erbel-eko bazkideentzat zuzenduta daude. Doan dute haiek izen-ematea. Larunbatean, jardunaldi irekiak egingo dituzte erlezain eta eztigileentzat. Izena eman (info@erbel.eus) eta 10 euro ordaindu beharko dute bazkide ez direnek.
Lehen egunean, ostiralean, 09:00etatik 14:00etara erreginen ekoizpenari buruzko saio praktikoa egingo dute Joao Tome erlezain profesional portugaldarrarekin. Bazkaldu ondoren, arratsaldean, Erbelen instalazioetara bisita gidatua egingo dute (16:00-18:00).
Lau adituren hitzaldiak
Larunbateko jardunaldi irekia 09:30ean hasiko da, Erbel-en koordinatzaile Egoitz Galartzaren sarrerarekin. Tome erlezainak Erle iberikoaren ezaugarri nabarmenduak hitzaldia egingo du, 10:15ean, ordu eta laurden ingurukoa.
Atsedenaren ondoren, Galartzak Estalketa kontrolatzearen garrantzia hautespen programa batean ponentzia egingo du. Goizeko azken saioa EHUko Genomic Resources Group ikerketa-taldeko Melanie Parejok eskainiko du: Analisi genetikoak erleetan: erabilera praktikoa eta azterketa zientifikoak.
Bazkariaren ondoren, Tome erreginen ekoizpenaz eta erabileraz ariko da lehenik. Eguna bukatzeko, Koldo Belasko erlezain profesional bizkaitarrak Erlezaintza arrakastatsu baterako elikadura proposamena hitzaldia egingo du.
Igandean, jardunaldiak bukatzeko, Erbel elkarteak barne gogoetak eta bilerak, 2021aren errepasoa, bazkide berrien onarpena eta batzar nagusia egingo ditu. Senidetze bazkariarekin bukatuko dute Goizaneko lanaldia.













