Beti-Gazte tabernaren ustiaketa lehiaketara atera dute
Zaldibiako udaletxe berria eraiki ondoren, beheko solairuan egokitu duten Beti-Gazte taberna eta lokal soziala kudeatzeko, lehiaketa bidez aukeratuko du udalak arduraduna. Abenduaren 2ra arteko epea dago eskaintzak jasotzeko. Jubilatuen elkarteko taberna ustiapena, kudeaketa eta mantentze-lanak kontratatuko dituzte lehiaketa bidez aukeratutakoarekin, lokal sozialeko eta taberna-kafetegiko zerbitzuak eskaintzeko.
Lokalaren gutxieneko lizitazio-prezioa 121 euroan ezarri du udalak, BEZa barne. Kopuru hori gorantz hobetu ahalko dute. Esleipena lortzen duenarekin urtebeteko ustiaketa kontratua sinatuko du udalak, eta hori beste lau urterako luzatu ahalko da. Udalbatzako bi alderdi politikoek hala erabakitzen badute, urterik urte luzapenak erantsita, gehienez hamar urterainokoa izan daiteke ustiapena.
Udalak zaldibia.eus webgunean jarri ditu kontratazioari eta lehiaketari buruzko datuak.













