Azaroko azkenekoan gabonetako marka
Erratz adarrak eta 'Ponsetia' loreak ekarri dituzte azaroko azkeneko azokara; aurtengo lehen eperrak ere bai. Onddo asko ekarri dituzte.
Hotz atzo goizean, 6 gradu inguru. Azaroa oso aurreratua ia eta ez da harritzekoa. Giroa eta tenperatura gozagarri bi elementu aipatu behar. Batetik odolkia, usain gozoa nagusitu zen goiza aurreratu ahala. Gipuzkoako 22. Odolki txapelketa izan zen, udaletxe azpian; bestetik, plastikoa plaza inguruan. Plaza korrientez babesteko beharra aspalditik datorren aldarrikapena da. Behin-behineko lehen saiakera atzo. Proiektu egonkorragoren asmoa bada; ea ahalik eta epe laburrenean gauzatzen den.
Hilabete barru Eguberri izango da, azaroko azken azokan egunhorietako ohituren lehen markak ikusi genituen. Ponsetia edo pazko lorea esanez ezagutzen dena, lore postuetan 6-8 euroan. Erratz adar sortak Arantxa Lopategiren postuan (2-3 €). Bestalde egun horietako otorduetan pentsatuz, Aldaba Zaharrekoek, baserrian bertan hazitako antxumeak eta oilaskoak aurrez enkargatuta salgai dituzte.
Artzainak elkarlanean
Garaiaren seinale, datorren astetik aurrera Goiburu gazta salmenta postuak utziko duen hutsunea. Naroa Irigoienek eta Abel Goiburuk etortzeari utziko diote datorren martxora arte. Urteko gazta ekoizpen handiena saldua dute eta gazta egiten hasiko dira aste honetan bertan. Aritz Katarain Idiazabalgoaren ardien esnearekin egiten dute Goiburu gazta. Zuzenean baserri batetik bestera doan esnea, batek artaldea gobernatu eta ardiak jetzi eta bestek gazta egin.
Sagarretan, Ganny smith da azkenetakoa. Oso sagar ona izan arren, gutxi saltzen omen da. «Berdea eta orban modukoak dituelako edo, ez du jendea erakartzen», zioten Kalbarioko Ramon eta Amaia senar- emazteek; «guk ia ez dugu ekartzen».
Ikusi duguna Altzagako Etxeberri goikoa baserrikoa da (2-3 euroan kiloa). Sagarretan estimatuena errezila da, geroz eta gehia go, neurriaren arabera (1-4,5 euroan kiloa).
Ehiza kontuetan usorik ez, lehen eperrak bai ordea, 12 euroan bakoitza; 7 pieza atzo Lasaren postuan. Onddo asko «Extremadura aldean eta Nafarroan berriz ere irten da, aste honetan gehiago, hobea eta merkeago dugu onddoa», Mikel Lasak. Propio etorritako bezeroen eta sukaldarien erakargarri.