Toka eta noka bertsotan
Hitanoaren erabilera sustatzeko helburuarekin, Bertso(hik)lariak saioa antolatu dute Seguran Euskararen Egunaren harira, Oihana Iguaranekin eta Amets Arzallusekin
Euskararen Egunaren harira, bertso saio berezia antolatu zuten larunbatean Seguran Hitz eta Irri, Euskara Elkarri euskara elkarteak eta udalak. Oihana Iguaran eta Amets Arzallus bertso(hik)lariak eta Amaia Agirre gai jartzaileak igo ziren Botikaxaharreko oholtzara, «hika oinarri izan nahiko lukeen» bertso saioa osatzera. «Ea asmatzen dugun» adierazi zuen gai jartzaileak saioa aurkezten hasterako.
Eta bai, asmatu zuten nahiz eta Iguaranek ere lehenengo bertsotik adierazi zuen kezka: «Erregistro berrian elkarri abesten, ahalegindu toka eta noka erabiltzen». Arzallusek ere berdin: «Teoria badakit, falta zait praktika».
Saio ederra
Beldurrak beldur, saio ederra entuzteko aukera izan zuen Botikaxaharra bete zuten entzuleek: gai jartzaileak asmatu zuen gaiekin, eta bertsolariek ere bai hika erabiltzen, nahiz eta ahalegin bikoitza egin behar izan zuten bertsoa osatzerakoan, ohituta ez baitaude hitanoa bertsotan erabiltzen. Eider Lardizabal antolatzaileak adieraz duenez, «bertsoren batean Amets pasa zen zukara baina hurrengo bertsoan itzuli zen, ni zertan ari naiz zuri zuka egiten» esanez. «Natural aritu ziren oso. Gai aldetik ere oso ondo. Amaiak ere oso lan ona egin zuen». Generoaren aldetik ere kantatzeko aukera izan zuten: «Zergatik ari zara neri noka hizketan, mutila sentitzen banaiz…».
Hitanoa sustatzen
Segurako euskara taldea azken urteetan hitanoaren erabilera sustatzeko lanean ari da eta horren harira erabaki zuten noka eta toka erabiliko zuten bertso saioa antolatzea. «Euskararen Egunean bertso saioa antolatzea erabaki genuen, hika presente egon zedin». Segurarraren esanetan, gero eta herri gehiagotan ari dira hitanoa sustatzen eta beste herriren batean egin izan dute noka eta toka oinarri duen bertso ariketa,baina bertsolariak ez daude horretara ohituta.
Beraz, hitanoa erabiltzera ohitura dauden bertsolariak aukeratu zituzten horretarako. Oihana Iguaran batetik eta Agin Laburu bestetik. Azkeneko orduan hala ere, Labururen ordez [gaixotu egin zelako] Amets Arzallus izan zen Seguran: «Alabari hika hitz egin omen dio eta ohituta dago». Bertsotan aritzea, beste kontu bat da.













