Liburu azokak abenduaren 17tik 19ra dira Ataunen, Lazkaon eta Seguran
Elkarlanean antolatu dituzte, eta hirurak fisikoki gauzatuko dituzte. Azoka guztietan %15eko deskontua egingo diete erosleei. Berritasun ugari aurkeztuko dituzte egileek
Berriz ere azokak elkartu ditu Ataun, Lazkao eta Segura. Abenduaren 17tik 19ra, hiru egunetan egingo dira hiru herrietan, elkarlanean antolatuta. Lazkaon da zaharrena, 33. ekitaldia baitu. Ataunen 16.a da, eta Seguran 15.a. Hiru plazatan egiten den azoka bakartzat hartu dute antolatzaileek. «Urtez urte hazten joan da, bai herri mailan, antolaketan eta erantzun mailan, eta bai inguruan», esan du Gerriko elkarteko Joxepa Madariagak.
Lazkaoko azokan «batez ere nobedadeak» izango dira azokaren ardatz. Aurten kaleratutako liburu eta disko eskaintzari jarri diote arreta. Katalogo bat atera dute, baina hortik kanpoko tituluak ere eska daitezke. Iaz bezala, enkarguak ere hartuko dituzte aurrez. «Lana asko errazten du, bai guri eta bai erosleari».
Aurkezpen ugari iragarri dituzte Lazkaon. Aurretik, astean zehar bi ekitaldi izango dira; azokan bertan, ostiral iluntzean eta larunbat eguerdian. «Inguruko idazle eta musikariekin aritu gara lanean. Denak ez ditugula izango egia da, izan ere goierritar askok eta produktu asko argitaratu dituzte. Batzuk izango ditugu gure artean».
Igande eguerdian, Maider Urretabizkaia margolariaren arte eskolako ikasleek Kolore kolore antzerkia egingo dute. Buruhandiak eta erraldoiak irtengo dira, eta Lazkaoko Musika Bandak kontzertua emango du.
Ataunen, antzokian
Herri Antzokiko atalaurrean jarriko dute Ataungo liburu azoka. Iaz katalogo digital bidez eskatu ahal izan zen soilik, pandemiagatik. Aurten, fisikoki itzuliko da. «Aurtengo, helburutzat jarri genuen liburuekin berriz ere jende artera bueltatzea, eta badirudi lortuko dugula. Beldurrez egon gara aurkezpenak-eta egiteko, eta bakarra izango dugu. Baina bestela, azoka behintzat izango da», dio Aitor Aldasorok.
Mikel Urdangarin beasaindarrarena izango da aurkezpen bakar hori, igande eguerdian.
Lazkaon, Ataunen eta Seguran, %15eko deskontua egingo diete erosleei, herri bakoitzeko udalen ekarpen ekonomikoari esker.
Seguran, Botikaxarren
Azken urteetako ohiko lekuan zabalduko dute gaur zortzi Segurako liburu, disko eta jostailu azoka: Botikaxar aretoan. Azoka kultur ekitaldiei amaiera emango dien ekitaldi nagusiena izango da, aurreko asteotan izan baitira kultur ekitaldiak.
Azoka beste behin egin ahal izatea «pozgarria» dela iritzi dio Segurako euskara taldeko Aitziber Lertxundik. Antolaketan laguntzen duten Hitz edo Irri euskara elkarteari, herri eskolako guraso elkarteari, Ganbaran Norbait Dabil elkarteari, gazte taldeari eta Elorri elkarteari eskerrak eman dizkie.













