Indarkeria matxistaren aurkako sormen sari nagusiak, Lazkaorako
Goierriko sei herriren artean antolatu duten lehiaketan lehenengo bi sari eta aipamen bat irabazi dituzte San Benitoko ikasle-taldeek. Indarkeria estetikoa salatzea zen xede
Goierri mailako sormen lehiaketa baten sari banaketa ekitaldia egin zen atzo goizean, Lazkaon. Bigarren urtez, Indarkeria matxitarik ez gaipean, sorkuntza lanak egin dituzte eskualdeko sei herritako bizilagunek. Ikasleak izan dira partaide ugarienak, ikastetxeen kolaborazioari esker. Azaroaren 25aren harira antolatu dute sormen lehiaketa Ordiziako, Beasaingo, Lazkaoko, Legorretako, Segurako eta Zaldibiako udalek.
Lazkaon egin dute sari banaketa, bertakoak direlako lehiaketako saritu nagusiak. Udaletxean elkartu ziren ikasle-talde irabazleen ordezkariak, San Benito ikastolakoak bakarrik, pandemiaren eraginez beste herrietakoak ez baitira etorri. Kepa Zubiarrain alkateak eman zizkien garaile-diplomak eta erosketa-bonuak. Lehengo saria Lazkaoko San Benito ikastolako LH5 mailako haurrek irabazi dute, Emakumeenganako indarkeria estetikoak lanarekin. Bigarrena ere bertan geratu da, DBH4ko neska talde batek ondutako Bertsoa lanarengatik saritua. Hirugarren saria Beasaingo Andramendi Ikastolakoek lortu dute, Itxuraren errespetua beti lanarekin.
Lau aipamen gehiago
Beste lau aipamen berezi ere izendatu dituzte, eta horietako bat eman zuten atzo, Lazkaoko LH3 mailakoen Gorputz eta izaera bakarrekoak gu lanaren egileei. Ordiziako, Beasaingo eta Legorretako talde banarentzat izan dira gainerako aipamenak.
Indarkeria estetikoa, itxurari lotua, haur eta gazte askok sufritzen duten «arazo larria» dela esan du Zubiarrain alkateak.













